Sator-lana (Astekaria 210. Editoriala)

2007/03/12

Aurtengo lan-hitzarmenen negoziazioan murgilduta gaudela, egokia da negoziazioan funtsezkoa den gehiengoaren araubidea gogoraraztea: hitzarmen batek indarra izan dezan langileen ordezkaritzaren gehienak onartu behar du. Gehiengorik gabe ez da, beraz, komeniorik, eta ezin da negoziazioa burututzat eman.

Gehiengoaren araua, berez, Langileen Estatutuan jasota dago; laster bilatu zioten, ordea, iruzurrerako zirrikitua: eragin mugatuko komenioena, alegia. Sindikatuen askatasuna eta negoziatzeko eskubidea erabili zuten epaitegiek sasi-komenio hauen legezkotasuna berresteko; argudio bitxia, eskubide formalen aitzakiarekin, lan-hitzarmenen negoziazioari sakonera-karga jarri ziona.

Urte hauetako esperientziak erakutsi digu eragin mugatuko komenioek lan-hitzarmenen negoziazioa ugazaben esku uzten dutela, erabat. Patronalak erabakitzen du norekin sinatu (eman nahi duena onartzeko gertu dagoenarekin), zer sinatu (patronalak eman nahi duena) eta noiz sinatu (gehiengoaren dinamika hausteko egokiena den unean). Sator lanarekin zerikusi gehiago du hori egiten duen sindikatuaren jokabideak, askatasun sindikalarekin baino.

Sindikatuen arteko lan bateratua ona da, ezbairik gabe, adostasun ezak ahuldu egiten baitu errebindikazioaren indarra eta eragina. Baina lan bateratuak zintzoa izan behar du edo, behinik behin, oinarrizko arauak gorde behar ditu. ELArentzat, erabakiak gehiengoz hartu behar direla agintzen duen araua da oinarrizkotan oinarrizkoena, berak bakarrik bermatzen baitu hartzen den erabakia, zuzena ala okerra, langileek emandako zilegitasun demokratikoa berekin duten ordezkariek hartua dela.

Horregatik da, hain zuzen ere, elkarlan jatorraren ezinbesteko baldintza gehiengorik gabeko sinadurarik ez emateko konpromisoa.