Sei hilabete baino gehiagoko greba Erandion

2006/05/22

Prosegur enpresako langileak gara, eta Erandioko komisariaren segurtasuna da gure ardura. Gure lan-baldintzak Segurtasun Pribatuaren Estatuko Hitzarmenean daude jasota. Horregatik, 900 euro gordineko soldata soilaren trukean, 1788 orduko urteko lanaldia dugu. Gure hitzarmena kaxkarra da, inon bada.

Bistan dago merkeak garela. Gure enpresak, Prosegur-ek, loturak ditu Oreja familiarekin, eta milioika etekin ateratzen du urtero. Azpikontratazioaren negozioa oso emankorra da Administrazioarentzat eta gure enpresarentzat; denentzat, guretzat izan ezik.

6 hilabetez baino gehiagoz daramagu kanpaldian Erandio Goikoan eta orain sabin-etxean. Negua gogorra izan da, baina are gogorragoa da gure eskarietan dugun sinesmena; horrek ematen digu jarraitzeko indarra. Kanpaldiak luzaroan iraun badu ere, Herrizaingo Sailak ez du denborarik hartu bilera batera deitzeko. Eusko Jaurlaritzak muzin egiten digu.

Lotsagarria da politikariek akordioen beharra beti hizpide izatea, eta gero gurekin bilerarik egiteko gauza ez izatea. Urtebetea daramagu elkarretaratzeak eta bestelakoak egiten, beti ere negoziazioen eske. Baina inolako erantzunik jaso ez genuenez, grebari ekitea erabaki genuen. Greba egin bitartean, politikari profesionalen jarrera ez da aldatu. Balzari, Azkarragari eta Idoia Zenarruzabeitiari ez zaie jendea axola, kontuak koadratzea baizik.

Aplikatzen diguten Estatuko Hitzarmenak ez digu uzten Euskal Herrian bizi izaten duintasunez. PNVk eta EAk, ostera, oso argi dute: kostuak merketzeko bada, berdin die hitzarmena Espainiatik datorren. Jakin badakigu aurrean ditugun arerioak indartsuak direla. Jakin badakigu azpikontratazioaren negozioan milioi asko daudela jokoan, eta interesak ere bai enpresenak, alderdi politikoenak eta gobernuenak. Baina etxera daramagun soldata urriak ez digu ezbaian ibiltzeko aukerarik uzten, eta borroka da geratzen zaigun bide bakarra.

Borrokari eutsiko diogu, beraz. Ez dugu etsiko. Gure kanpadendatik haien auto ofizialak pasatzen ikusten ditugu askotan. Auto ofizialak izango dituzte, baina guk gure duintasuna gordetzen dugu. Negoziazioak hasteko exijitzen dugu, gatazka hau amaitzearren. Oso gogorra da ikustea gizarte-gaiekiko zein sentiberatasun eskasa duten interes publikoen ordezkariek. Balza, Azkarraga eta Idoia Zenarruzabeitiarentzat zenbakiak baino ez gara. Baina, guk zenbakiak izan beharrean, duintasunezko gizabanakoak izan nahi dugu.