Sektore publikoa: burujabetza jokoan
Beren burua subiranistatzat edo abertzaletzat jotzen duten hainbat alderdi politikok eta gobernuk esan ohi dute euskal sektore publikoko soldata eta lan baldintzak Madrilen menpe daudela. Han erabaki, berton ametitu. Lehendakaria eta Azpiazu sailburua dira koru horren gidari, baina ez dira bakarrak.
Hori benetan horrela balitz, nolatan dute Osakidetzako langileek eta Kataluniako Salut-ekoek soldata ezberdina? Zergatik daude baldintza jakin batzuek ezarrita Bilboko Udalean eta ez Zaragozakoan? Gure agintariek eta beste zenbait alderdik esaten dutenez, “lehenago posible zen, baina orain ez”.
Nahiz eta gure autogobernua gero eta eskasagoa den, Estatua etengabe higatzen ari delako, ez da egia lehenago posible zena orain ezinezkoa denik. Inongo legek -ez Konstituzioak, ez Gernikako Estatutuak, ez Foruaren Hobekuntzak eta beste inongo Lege Organikok- ez du ezarri sektore publikoko ordainsarien zenbateko maximoa edota langile kopurua (birjartze tasak medio) Estatuaren eskuduntza esklusibo denik (Aurrekontu Legearen edota beste edozein arauren poderioz). Gernikako Estatutuaren 10.4 artikuluak aitortzen dio EAEri “bakarreko eskumena” honakoari buruz: “toki- araubidea eta Euskal Herriko zein toki-administrazioko funtzionarioen estatutua, Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan finkatutakoari kalterik egin gabe”. Foru Hobekuntzaren Legearen 49. artikuluak ere antzeko formula bat aipatzen du. Beraz, antza, arazoa ez datza eskuduntzetan.
Ez, arazoaren erroa beste bat da: borondate politikoa eta bizi- zein lan-baldintzekiko konpromisoa. Pribatizatu ez den sektore publikoan 70.000tik gora langilek aldi baterako kontratua du. Osasun eta Hezkuntza sailen kontratazio sistema 80etako urteetan gure portuetan gazte askok (eta duela ez hainbeste jornaleroek) pairatzen zuten haren antzekoa da: Goizean goiz portura joaten ziren deskarga lanetarako; egun batzuetan zortea zuten eta beste batzuetan ez. Zertan bereizten da euskal ABLErik handienak, hau da, Osakidetzak, kontratatzeko duen sistema beste haretatik? Ez duela hain agerian egiten, eta teknologia baliatzen duela (SMS edo posta elektronikoa), baina fun-tsean funtzionatzeko era berdina da: otzana bazara eta kexarik ez baduzu adierazten, kontratua izango duzu. Bestela, zerrendan hurrengoa dagoena deituko dute. Hau ez da esajerazio bat: Osakidetzako langile batzuek urtean 100 kontratu sinatzen dituzte... Eta urtetan lan egin ondoren aldi baterako langile direlarik erretiratzen dira.
Zer diote epaileek honetaz? Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalaren epaiak aipatu ohi ditu justifikatzeko ez duela aukerarik Madrilen ezarritakoa aldatzeko. Alabaina, epai horiek hain zuzen kontrakoa diote: arau orokor eta oinarrizkoa da lan-baldintzak ezartzeko eskuduntzak EAEri eta Nafarroari dagozkiela. Estatuak soilik salbuespenezko kasuetan inbadi dezake ahalmen hori neurri konkretu, aldian aldiko eta justifikatuak ezartzeko. Beraz, zer dela eta erabakitzen du Madrilek?
Aurrekontu legean, urtez urte, hala ezartzen delako, ustezko salbuespen egoera bat argudiatuz. Urtero ezartzen da ordainsariak eta birjartze-tasak (langile publikoen kopurua) mugatuko direla. PPk gehiengo absolutua zuelarik gure ahalmena murrizten zuenean Gasteizko eta Iruñeko gobernuak kexu ziren, baina ez oso ozen, oso egokia baitzen eurentzat erabakiak (murrizketak) Madrilen har- tzea; horrela esateko moduan ziren ezin zutela mugitu.
Zer gertatzen da orain? Murrizketa horiek egiten direla ustez subiranista eta abertzale diren alderdien berariazko babesarekin; hots, estatua eskuduntzak higatzen ari zaizkigula protesta egiten dutenen bedeinkapenarekin. Enpleguari eta soldatei dagokienez, euskal alderdien botoarekin (hala gertatu zen 2022ko Aurrekontuekin) gure ahalmenari uko egiten diote (eta, horrenbestez, gure burujabetzaren zati bati), Estatuaren esku utziz. 80. hamarkadako Aurrekontu Orokorren Legeetan nabarmena da orduan paratzen zirela mekanismoak berton erabakitzeko. Argi dago alderdi aber- tzaleek autogobernuaren aldeko jarrera askoz irmoagoa zutela.
ELAk aldarrikatzen du gure alderdiek defenditu egin behar dutela enpleguaren inguruko beharrizanak erabakitzeko ahalmena; ez diogu Madrili baimenik eskatu behar erizain, zeladore edo irakasle gehiago kontratatzeko... Hori da bideetako bat gurean milaka langile publikok pairatzen duen prekaritateari aurre egiteko. Baita soldata eta baldintzak berton negoziatzeko ere.
Jaso gabeko eskuduntzen transferentzia eskatzea bezain garrantzitsua da egun ditugunak defenditzea, Lehendakari jauna. Zein alderdik esan dezake subiranista dela parlamentuetako eguneroko jardunean egungo eskumen urriak ez baditu bere botoaz defenditzen?
Gaur urrats txikiak egiten ez dituenak bihar ez die handiagoei ekingo...