ARRAZAKERIAREN AURKAKO KANPAINA
Sindikalismo antirrazista baterantz
"Nire emaztea migratzailea da, baina hemen ikasi zuen, erizaina da. Ospitalean lehen aldiz ikusi zutenean, trapua hartu eta garbitzen hasteko esan zioten "
"Lagun bat ezkontzera zihoan eta ezkontza-baimena ukatu zioten, esan zioten erlijioagatik ez zegokiola, errumaniarra zelako"
"Batzuetan arduradunek neska latinoekiko faboritismoak dituzte"
"Batzuetan errespetu faltak izaten dira, "e zu" esaten dizute, nahiz eta zure izena jakin".
"Astindu eskuak diskotekan ipurdia astintzen duzun bezala"
Horiek dira ELAko etorkin-jatorriko ordezkariek beren lantokietan izandako bizipenetako batzuk bizitza laboralean zehar.
Aipatutako esaldiak Tuterako batzarrean beren lantokietan jasan zituzten diskriminazioak zeintzuk ziren galdetzetik atera ziren. Berdintasunaren, generoaren edo arrazaren arloan aurrera egin dugula pentsatzen dugunean, XVIII. mendean Estatu Batuetako hegoaldetik irtendakoak diruditen arduradunak edo agintariak aurkitzen ditugu.
Iruzkin horien atzean aurreiritziak, ezjakintasuna, estigmak, sexismoa eta abar daude. Horiek guztiak gure gizartean daude oraindik, eta aktiboki lan egin behar dugu horiek desagerrarazi arte.
Zenbat aldiz entzuten ditugu emakume latinoei buruzko iruzkin sexistak?
Zenbat aldiz ikusten dugu pertsona migratzaile baten izena ikasteko ahaleginik egiten ez duen jendea? Hala ere, gero ez dugu arazorik futbolarien edo influencer-en izenak ikasteko.
Klasismoa ere badago iruzkin horien atzean. Pertsona arrazializatua ikusten dugunean, lanpostu prekarioa betetzen duela pentsatzen dugu, edo ezin dela enpresako arduraduna edo CEOa izan.
Denok dugu deseraikitze-lana, gure begirada koloniala kendu behar dugu. Dena betaurreko moreekin begiratzen ikasi dugun bezala, arrazismoaren aurkako betaurrekoak jartzea ere dagokigu, migratzaileen aurkako diskriminazio-egoerak identifikatzeko eta diagnostikatzeko.
ELAn arrazakeriaren aurkako sindikalismo baterako bidea jarraitzen dugu. Garrantzitsuena dugu: militante migratzaileak edo arrazializatuak, antolatzeko eta borrokatzeko gaitasuna dutenak. Hurrengo urratsak, guztion artean eraikiko ditugu, kanpaina hau Hego Euskal Herrian 1800 atal sindikal baino gehiagotara eramateko asmoa baitugu. Helburua: gizarte justuagoa eta giza eskubideetan eta berdintasunean oinarritua lortzea.