URTE BERRIA, BORROKA BERRITUA

Sindikalismoa eta arraza

2023/12/28
Katia Henríquez - ELA
Estatistika ofizialen arabera, 2023an enplegua hazi da. Egia da, behintzat enplegu formalari bakarrik erreparatzen badiogu. Ez digute esaten, ordea, atzerritarren lan esku merkean oinarritzen dela igoera hori. Edo beste modu batera esanda: hazkundea posible dela, beti ere, lan baldintza eskasak inposatzen direlako eta lan eskubideak etengabe urratzen direlako, batez ere, pertsona arrazializatuak nagusi diren sektoreetan. Kasualitatea ala kausalitatea?

Datuei erreparatzea besterik ez dago. EAE eta Nafarroako langile arrazializatu gehienak eraikuntzan eta zerbitzuetan ari dira lanean: ostalaritzan, merkataritzan, garbikuntzan; obra lanetan, banaketa zerbitzuetan, zaintza lanetan... Hau da, lan baldintza eskasagoak dituzten sektoreetan, lan ordutegi zailekin, esfortzu fisikoa eskatzen duten lanetan eta, nola ez, soldata baxuenak dituzten enpleguetan. Beste modu batera esanda, berton jaiotako langileek baztertuko lituzketen lanpostuak dira. Horrek bermatzen du, oraindik ere, lana sexuaren eta arrazaren arabera banatzea.

Horren aurrean zer egin? Bada, antolatu eta borrokatu. Borrokak fruituak ematen ditu. Elorrion (Bizkaia), abenduaren 19an gertatutakoa dugu adibide aproposa. Egun horretan, Eroskiko biltegian lan egiten duten azpikontratatutako langileek -ia denak gizon beltzak- akordioa lortu zuen euren soldata %23 igotzeko 2025ean. Horrekin batera, hemendik aurrera 20 minutuko atsedenaldia izateko eskubidea izango dute. Orain arte enpresak ukatzen zien.

Bada beste adibiderik: Bilboko NH hoteletako logelak garbitzeaz arduratzen ziren langileen greba. Behargin guztiak ziren arrazializatuak eta 2,5 euro kobratzen zuten logela bakoitza garbitzeagatik. Kaleratzeko mehatxuak bizi bazituzten ere, tinko mantendu ziren enplegatzaileen aurrean. Enpresak esplotatzen zituen etekinak lortzeko; gainera, lana emateagatik mesede bat egiten ariko balira bezala jokatzen zuen. 

Bada beste adibiderik. Pertsona migratu askok ELAko zerbitzu juridikoetara jotzen dute enpresak salatu nahian euren eskubideak urratu dituztelako. Kasu gehienetan, pertsona arrazializatuak soilik kontratatzen dituzten enpresak dira. Izan ere, jakin badakite pertsona zaurgarriak direla: ekonomikoki, adiministratiboki... Kasu askotan, euren eskubideak aldarrikatzearen beldur dira. Are gehiago, kasu askotan ez dakite zein eskubide dituzten ere. Eta enpresek hori jakin badakite.

Horretarako ezinbestekoa da borroka horiei ahotsa ematea, erreferenteak sortzea, arrazializatua den langile subjektua gorpuztea. Propio aldarrikatu beharra dago langile borroka klasikoak ez duelako beti aintzat hartu. Pertsona arrazializatuek egiten dituzten lan prekario horiek gabe sistema erori egingo litzateke. Hori dela eta, aldarrikatu dezagun ikuspegi antiarrazista eta feminista duen langile borroka. Ezinbestekoa da borroka justua eta integratzailea izan dadin.