Sindikatuak kate motzean (Astekaria 163, editoriala)

2005/06/26

Astekariaren ale honetan luze eta zabal jasotzen dugunez, duela hamar urte UGT, CC OO, CEN patronala eta Nafarroako Gobernua mahai baten inguruan eseri ziren. Ustez lan harremanei buruzko hainbat gai eztabaidatzeko omen zena sasiko diru-iturri bat mozorrotzeko estalki besterik ez zen bilakatu: Lan harremanen inguruko sektore arteko akordioa (AIN). Hau ospatzeko bildu zaizkigu oraintsu Iruñeko Baluarten sindikatu horien, ugazaben eta gobernuaren goi mailako ordezkariak, AIN horren emaitzekin oso pozik daudela adierazteko. "Biba elkarrizketa soziala!", bota dute deiadarra.

Zein ibilbide izan du hamarkada honetan AINek? Hainbat akordio eta erakunde sortu da bere baitatik; batzuk, Nafarroako Lan Auzitegia adibidez, beharrezkoak dira EAEn Precok betetzen du funtzio bera, baina akordio orokorra sinatu ez zutenak, ELA eta LAB alegia, baztertzearen ondorioz hankamotz eta eragin mugatuko geratu dira. Ez zuten alferrik AINen edukia oso ongi neurtu, sindikatu abertzaleek irentsi ezin zezaten.

AINen beste adar batzuk, berriz, are gutxiago uler daitezke, eragin zehatz bat salbu: erakunde sinatzaileek jasotzen dituzten baliabide ekonomikoak. Horixe da aurten hirugarrengoz sinatu den Enplegu Planaren kasua. Urtez urte milioiak eta milioiak bota arren, enpleguaren kalitatea ez da hobetu. Dirutzak banatzen dira bai CENek, bai UGTk eta CC OOek kudeatzen dituzten enplegu zerbitzuak eta langileen prestakuntza finantzatzeko.

Azkenean, sosen truke gobernuak eta enpresek bake soziala ziurtatu dute, sindikatuak kateatuta geratzen baitira. Hori ikusirik, ELAk Nafarroan izan duen goranzko bilakaera hobeto uler daiteke: Langileen beharrizanak aintzat hartuz gero, ez dago sindikatuaren indarra menderatuko duen AINik.