Soldata arrakala eta auditoretzak: erremintak non, iruzurra han
Goazen frogatzera. Erregistro eta soldata auditoretzak aztertu besterik ez dago -derrigorrezkoak dira enpresatan 902/2020 dekretua onartu zenetik-. Soldata erregistroa dokumentu bat da. Horretan, enpresa bateko langileen batez besteko soldataren berri ematen da, detaile guztiekin. Hortaz, erreminta horri esker frogatu daiteke enpresak gizon eta emakumeen arteko berdintasun irizpideak betetzen ote dituen. Beste modu batera esanda, jakin daiteke nola, noiz eta zergatik kobratuko duen langile batek beste batek baino gehiago. Lanpostuen balorazioa da, ziur asko, soldata berdintasuna bermatzeko tresnarik eraginkorrena. Baina, nork, eta batez ere zein irizpide aplikatuta, erabakiko du lan batek beste batek baino balio handiagoa duela, eta hortaz, soldata handiagoa merezi duela? Balio txikiagoko lanpostuetan gehienak emakumeak dira. Kasualitatea ala kausalitatea?
Hortaz, erremintak egon badaude, baina baita horiei muzin egiteko trikimailuak ere. Zoritxarrez, eta tresna eraginkorra izateko aukera izan arren, soldata eregistro eta auditoretzek ez dute soldata berdintasuna bermatzen. Izan ere, praktikan zaila da deszifratzea eta gainera, tresna erabilgarria bilakatu dira enpresek zuriketa morea egin dezaten. Are gehiago, jatorrian dago arazoa, enpresak ez baitaude behartuta sindikatuekin negoziatzera, berdintasun planen araudiari helduz.
Gauzak horrela, enpresek zaildu egiten dute soldata arrakala antzeman ahal izatea. Gizon eta emakumeen soldata ezberdintasunak justifikatzeko ustezko arrazoiak nonahi daude: lan munduaren ibilbidearen ondorio naturala dela, edota lanaren banaketa sexualaren eta arrazialaren ondorio naturala dela, horren kontra borrokatzerik ez balego bezala.
Sindikatuak, ordea, ez du amore eman nahi. Hartara, negoziazio feminista eta antirrazistan sakontzeko asmoz, gogorarazi nahi dugu badirela fruituak eman dituzten borrokak. Bereziki, azken urteotan garbikuntza sektorean udal mailan, hezkuntzan zein eraikinetan soldata-arrakalaren aurka egindako makina bat greba, edota gaur egun Nafarroako lantokietan greban dihardutenak, Gipuzkoako hainbat udalerritako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko grebekin batera, besteak beste.
Hauekin batera, aurten IFZE (Gipuzkoako Herri Administrazioko Informatika Zerbitzuen Foru Sozietatea)-ren kasua izan dugu aztergai, beste batzuen artean. Kasu honetan eta ordezkariek egindako borroka sindikalari esker, epaiketa barne, berdintasun planak, eta bereziki soldata auditoretzak agerian utzi du bazegoela soldata arrakala enpresan. Behin diagnosia eginda, lan hitzarmenean berau ezabatzeko neurriak hartu ahal izan dira, era berean, langileentzako hitzarmen duin bat blindatuz.
Gauzak horrela, argi dago erreminta legalak aprobetxatu behar ditugula, besteak beste, berdintasun planetan derrigorrean aurkeztu beharreko informazioa exijitzea. Halere, benetako borroka negoziazio mahaietan dago, bertan negoziatu eta adostu behar delako. Eta batez ere, borrokan jarraitu behar da behingoz aitortu dadin emakumeen lanek balio sozial eta ekonomiko bera dutela lan merkatu arautuan zein horretatik kanpo. Sindikatuan norabide horretan gabiltza eta ibiliko gara egun martxan dabiltzan eta datozen eguneroko borroka sindikal feminista eta antirrazisten bueltan.