Soldata arrakala: pitzaduraz betetako berdintasuna
Gainera, emakumeak dira kaltedunak lanaldi osoan lan egiten ez dutelako, eta lan- eta bizitza-pertsonala kontziliatzeko neurriak hartzen dituztenen artean gehiengoa direlako. Ahaztu egiten da ere, irtenbide pribatu eta banakoak izan ohi direla, zaintzarako azpiegitura publiko integralik ez dagoelako, besteak beste.
Emakumeek egiten dituzten lanek gutxiago balio dute, hemen eta mundu guztian. Zehazki, EAEko soldata arrakala %24koa da; Nafarroakoa, berriz, urtean 8.153 euro gutxiago kobratzen dute emakumeek gizonekin alderatuta.
Bulego eta eraikinak garbitzea gutxiago ordaintzen da errepide edo kaleak garbitzea baino. Galdetu, bestela, Gipuzkoako komisaria eta auzitegiak garbitzen dituzten emakumeei; honez gero 150 egunetik gora greba egun daramate sektorean soldata arrakala desager dadin: Komisarietako garbitzaileek kale garbitzaileek baino %13 gutxiago irabazten dute, eta auzitegietakoek, berriz, %7 gutxiago. Beste modu batera esanda, 3.000 euroko aldea urtean kale garbitzaileekin alderatuta, eta 1.500 eurokoa eraikin judizialekiko.
Emakume hauek sektore prekarizatu eta feminizatu batean dihardute lanean, herri-administrazioak azpikontratatuta; hain zuzen Eusko Jaurlaritzak du honen ardura, baina muzin egiten dio bere erantzukizunari, hala gatazkari nola zerbitzuari dagokionez. Eta zerbitzu hau ez litzateke pribatizatuta, ez esternalizatuta egon beharko; edo ez era honetan, bederen. Eta okerrena da Garbialdi enpresak, zeinari zerbitzua esleitu zioten, iragarri berri duenez 2020ra arte zerbitzuaren luzapena sinatu duela Eusko Jaurlaritzarekin, “orain arteko baldintza beretan”. Argazkia garbia da, beraz.
Nahi balute administrazio eta botere publikoek milaka emakumeren bizi-baldintzak benetan aldatzeko aukera lukete, batik bat sektore prekario feminizatuetan lan egiten dutenena. Baina ez dute halakorik egiten.
Benetan nahi al dute herri-administrazioek emakume eta gizonen arteko zinezko berdintasuna?; benetan eragin nahi dute biztanlerian aberastasuna eta baliabideak hobeto bana daitezen?; benetan egingo al dute bat mugimendu feministak etxeetan eta kalean martxoaren 8rako egin duen greba feministaren deialdiaren oinarrian dauden aldarriekin?
Aldez aurretik badakigu erakundeak abilak direla batak besteari ardurak leporatzen, batik bat botere faktikoei, eta gehienbat kapitalari, aurre egin behar zaionean. Inork ez zuen esan gatazka estrukturalak konpontzea erraza zenik... baina saiatu ere ez? Honela, politika publikoak intentzio oneko adierazpenak egin eta unean-uneko arazoak bideratzeko adabakiak jartzera muga daitezke.
Borroka honek bidea ireki dezake, beste sektore feminizatu prekarizatu batzuetan ere emakumeak ahaldundu daitezen eta egoera irauli dezaten. Ondo dakite hori patronal eta administrazioek. Bizkaiko zahar-egoitzetako grebarekin gertatu bezala, bidea luzea da, bai, baina lortuko dute. Ez da izango, gainera, lan garaipen hutsa; borroka sindikal eta feministak emakumeen eraldatze indibidual eta ahalduntze kolektiborako ezinbesteko tresna baitira.
Bada garaia soldata arrakala ezabatzeko; ez da utopia, eginbeharra da. Administrazio publikoek berdintasunerantz urratsak eman nahi badituzte, aukera paregabea daukate esku artean, benetan eragiteko. Martxoak 8ko argazkia pixka bat desenfokatuta aterako zaie, bestela.
Jar dezagun emakumeen bizitza erdigunean!
GORA BORROKA SINDIKAL FEMINISTA!