EPE-OPOSIZIOAK
Suspenditzen duten irakasleak
Izan ere, aizu, dituzten oporrekin eta egun osoa gainerakoei azterketak egiten dabiltzan horietatik ez du EPE baten lehen proba ezta % 20ak ere gainditzen. Gainera, prozesua amaituta dagoela, EPEan eskainitako 473 plazen % 21,8 hutsik geratu dira eta ezin izan dira 103 plaza esleitu 23 espezialitatetan, proba ez gainditzeagatik. Triskantza galanta..
Antza denez, Hezkuntza Departamentuak zaharkituta dagoen oposizio-sistemari egotzi dio, eta Ministerioari esku har dezala eskatu dio sistema alda dezan. Egia da gaitegiak eguneratu gabe daudela hamarkadetan zehar, metodologiek edo pedagogiak berak bilakaera handia izan dutela denbora horretan bertan, edo ez dagoela garaturik prozesua askoz objektiboagoa eta gardenagoa egingo lukeen eduki komunik. Baina Gimeno jaunaren kabineteak argitaratutako informazioaren helburua argia da, arazoa ez da Nafarroako Gobernuaren eskumena eta beste batzuei dagokie arazoa konpontzea.
Argi dagoena da badela prentsa-ohar horrek nahita alde batera uzten duen kontu bat. Nafarroako Gobernuak jarduteko eskumenak ditu eta Departamentuak EPEen egoera nabarmen hobetuko luketen erabaki garrantzitsuak har ditzake.
Esate baterako, azterketa mota alda daiteke. Gaur egun, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak nabarmen urratzen dira. Epaimahai bakoitzak irizpide desberdinak aplika diezazkieke hautagaiei, baita espezialitate eta hizkuntza beraren barruan ere. Horren ondorioz, haien etorkizuna irizpide ez-komun horien mende dago, proba bera modu desberdinean ebaluatu baitaiteke, proba egitea egokitzen zaizun gelaren arabera.
Gainera, ondoren probaren edukia erreklamatu nahi baduzu, epaimahai horiek atal bakoitzari emandako puntuazioaren batuketa ongi egina dagoen baino ez dute gainbegiratuko, emandako balorazio hori bidezkoa eta objektiboa den baloratu ere egin gabe. Hori ez litzateke inoiz gertatuko atal teorikoa test motako probekin egingo balitz, izan ere, erantzunak zuzenak diren edo ez berrikusi ahal izango litzateke eta, beraz, zuzenketa eta ebaluazioa bera ere zuzenak ote diren berrikusi.
Bestalde, Nafarroan irakasleak etengabe oposizioetara aurkeztera kondenatuta daude, plaza atera arte. Plazarik gabeko gaindituen lehentasunezko zerrenda bat dago, eta zerrenda hori beti egongo da gainerakoen aurretik lanpostu bat aukeratzerakoan, duen antzinatasuna kontuan hartu gabe.
Ondoren, zerrenda orokorra dago, non pertsonak merezimenduen arabera ordenatuta dauden, oposiziora aurkeztu izan badira. Hala, gertatzen da oposizio bat gainditu izanagatik lehentasunezko zerrendan dagoen pertsona bat zerrenda orokorrera pasatzea, ez aurkezteagatik edo suspenditzeagatik. Bi zerrendetatik kanpo ere gera daiteke, zero bat ateratzen badu.
Hemen ere Departamentuak esku har lezake; beste erkidego batzuetan egiten den bezala, merezimenduen araberako zerrenda bat egon liteke. Zerrenda horretan, norbaitek oposizio bat gainditu eta plaza ateratzen ez badu, argi eta garbi saritzen da baremo horretan, lan egindako 5 edo 6 urteren pareko puntuazioekin, adibidez. Bestela, EPEra aurkezten ez badira, badakite zerrendan duten posizioa ez dela nabarmen aldatuko.
ELAtik urteak daramatzagu egoera hori salatzen. Sistema honek etengabeko estresa eragiten die Nafarroako irakasleei, berez sobera gainkargatuta, bai emozionalki zein burokratikoki ere.
Kontratatutako irakasleak bi urtean behin gutxienez oposizio batera aurkeztera kondenatuta daude, eta Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren eskumen esklusiboa da hori konpontzea. Ez dezatela pilota euren patiotik kanpora bota eta ez dezatela gehiago arriskuan jarri gure irakasleen izen ona informazio manipulatu, interesatu eta arriskutsuekin.
Eskainitako plaza urrien %22a hutsik geratzea Hezkuntza Departamentuaren ardura zuzena da. Bere esku dago lanpostu horiek guztiak urteetan irakaskuntzan egoki aritu direla erakusten duten langileekin betetzea, behar bezalako prozeduren bidez. Dagoeneko egin dira horrelako ezohiko prozesuak, eta, nahikoak izan ez badira ere, merezimendu-lehiaketaren modalitatearen bidez egin dira. Har ezazue zuen erantzukizunaren ardura, balia itzazue zuen eskumenak eta konpon itzazue arazoak, jada heldutxoak zarete eta.