Tentel halakoak (Astekaria 262)
Ez gaituzte ezagutzen. Ezta ezagutzeko gutxieneko borondate azalpenik ere. Ez errespetu edo gutxieneko begirunerik ez eta bestearen iritzia eta jardunbidea errespetatzeko asmorik ere. Halaxe adierazten dute hainbat ordezkari politikoek, bereziki hedabideetan adierazpenak egin behar dituztenean. Besteoi ardurak leporatu, aholkuak eman, zintzo jokatzeko zer egin behar dutenerako bidea erakutsi... beti besteoi, barnera begira inongo autokritika zantzurik gabe.
Oraingoan Javier Balza, Barne Sailburuak, ETAren azken atentatua dela eta ELA eta EBri AHTren inguruko bere jarrerak berrikusi (aldatu esan nahi du) behar dutela plazaratu du. Burutazio ugari datozkigu berehalakoan honelako tentelkeriak entzunda, are eta gehiago Sailburu batek adierazten baditu. Ongi asko daki Balza Jaunak ELAk ez duela AHT eta beste gaiaz duen jarrera aldatuko ETAren jardunbidea dela eta. Halaxe mintzo ginen ETAren atentatua gaitzetsiz, Azpeitiko elkarretaratzean Inazio Uriaren senitartekoei gure dolumina adieraztera bertaratu ginenean.
Lotsagarria deritzogu arduradun politiko batek, oinaze mingarriko uneaz baliatuz, zilegiak bezain demokratikoak diren jarrerak arbuiatu eta aldatu behar direla adieraztea. Hobe luke, demokrazia indartze aldera, edozein proiekturen aurrean eztabaida soziala sustatzeko behar besteko ahaleginak egingo balitu, baita ere tren sozial baten aldeko eztabaida eta partehartzea. Bestetik, lehendabizi etxeko lanak egin beharko lituzke etxe barnean, gobernu kide den alderdiarekin gauzak garbitze aldera.
Interes handiak daude, itzelezko propagandak erakusten duen moduan interes pribatuak gainera, garraio eredu bat ezartzeko eta gizarteko hainbat eragileren zilegizko jarrera zapuzteko. Baina hori gutxi balitz, bere egitasmoa garatzeko Inazioren erailketa erabili izana, gizalegerik gabeko jokabide bihozgabea erakusten du. Hau miserablea da.