Trantsizio ekosoziala eta enplegua
(Mugarik gabeko Ekonomisten MgE Dosierrak 52. zk aldizkarian publikatutako artikulua)
Gure bizimodua zalantzan jartzen duen zibilizazio-krisi baten aurrean gaude eta bizimodu horren parte da enplegua; beraz, ez dugu uste inork ziurtasun osoz esan dezakeenik etorkizunean zer gertatuko den gai horrekin. (Nahitaezko) eredu-aldaketa hain handia izango denez, ezin dugu parametro eta eskema tradizionalekin aztertu.
Hala ere, etorkizuna nolakoa izango den imajinatzeaz gain, aldaketak bultzatu behar ditugu etorkizun hori nahi dugun norabidean joan dadin. Sindikalismoaren bidez, aurre egin behar diogu erronka horri, eta horrek esan nahi du trantsizio ekosozialak zeharkako ildo bat izan behar duela, ekintza sindikal guztia bideratzeko modu bat, ekintza sindikal hori koherentea izan dadin aurrean dugun erronkaren tamainarekin.
Etorkizun horrekin lan ez egitea geure etorkizunean eragiteari uko egitea eta aldaketaren norabidea egungo botere ekonomikoen esku geratzen dela onartzea izango litzateke. Duela gutxi ikusi dugu Repsoleko hainbat arduradun energia- eta finantza-enpresen zerutik eroritako irabazien gaineko zergaren aurka agertu direla eta, hala ere, eskura dituzten baliabide guztiak (xantaia barne) erabiltzen dituztela beren jardueraren pribilegioei eta errentagarritasun ekonomikoari ahalik eta denbora gehien eusteko, jasangarritasunik ez dutela jakinda ere.
Eraldaketa ekosozialaren esparrua eta enplegua
Eztabaidatzeko gutxi duen premisa batetik abiatzen da gure azterketa: aberastasuna mugagabe metatu eta materialak gero eta gehiago erabiltzen dituen logika kapitalista bateraezina da planetaren muga biofisikoekin. Horregatik, beharrezkoa da produkzio-prozesua eta sistema ekonomiko osoa eraldatzea. Denborak estutu egiten du gehiengo sozialen eta langile-klasearen zerbitzura dagoen eredu baterantz aurrera egiteko. Eredu hori lortzeko, bidezko trantsizioa egin behar da, baliabide biofisiko gutxiago erabiliz. Gure iritziz, trantsizio honetarako kontuan hartu beharreko gai nagusi bat enplegu garbia eta kalitatezkoa sortzeko helburuari zentraltasuna ematea izan behar du.
Nolanahi ere, gertatu behar den aldaketa sozialari buruz arestian esandakoaren ildotik, imajinario kolektibo bat sortu behar da, produkzioaren, kontsumoaren, lanaren eta enpleguaren inguruan ditugun itxaropenak aldatuko dituena. Etorkizunean enplegua zer izango den demokratikoki birpentsatu eta erabaki behar da, etorkizunerako nahi dugun gizarte-proiektu desiragarriari buruzko, kontsumo-premia kolektiboei buruzko eta gure lan-indarra nola eta non inbertitzeari buruzko eztabaidaren barruan. Baina, betiere, enplegu nahikoa eta kalitatezkoa izateko helburua kontuan hartuta.
Erronka handia dela iruditzen zaigu, eta plangintza bat eskatzen du, modu parte-hartzailean eta erakunde sindikal eta sozialek (hemen, jakina, ekologistak sartuko lirateke) elkar hartuta egin beharrekoa. Modurik seguruena da asmatzeko, aldaketa sozial eta ekonomikoek eragingo dituzten tentsio eta gatazkei aurrea hartzeko, eta langile-klasearen inplikazio aktiboa lortzeko.
Hego Euskal Herriaren kasua
Trantsizio ekosozialerako ELAren proposamenak gure lurraldeko ekonomiari buruzko diagnostikoa egiten du, honako ezaugarri hauek dituena:
-
Industria-produkzioaren eta garraioaren oso mendekoa izatea. Horrek inpaktu ekologiko larriak ditu.
-
Erregai fosilak eta lehengaiak inportatzea, eraldatzea eta ekoizpena bere mugetatik kanpo esportatzea. Beraz, energia fosilean eta estraktibismoan oinarritutako ekonomia da, ekonomia globalizatuan erabat txertatua dagoena.
-
Petrolioaren mendeko garraioa erabakigarria da jarduera ekonomiko horri eusteko.
-
Euskal Herriko ekonomiako jarduera nagusiak eta enplegu asko sortzen dutenak funtzionamendu horrekin lotuta daude. Horren adibide dira balio erantsi handiko salgaiak ekoizten dituztenak (automobilak, altzairua...), energia-intentsitate handiko jarduerak, elikagaien industria (batez ere Nafarroan), logistika globalizatuaren mendeko jarduerak, etab.
Beraz, gaur egun, enpleguaren sorreraren, hazkunde ekonomikoaren eta inpaktu ekologikoaren artean lotura estua dagoela ondoriozta daiteke. Industria-sektorea da horren adierazgarrienetako bat.
Egungo ekoizpen-ereduan, energiaren eta materialen kontsumoa murriztuz gero, planetaren muga biofisikoekin bateragarri egiteko, lurralde industrializatuenetan bi kontsumo horien murrizketa oso handia onartu beharko genuke (ez litzateke zentzuzkoa izango murrizketa mundu osoan proportzionala izatea). Eta horrek, gaur egun, lanpostu asko suntsitzea ekarriko luke, baldin eta beste neurririk hartzen ez bada.
Eta langile-klaseko gehienentzat ezinezkoa izango litzateke lehengo baldintzetan bizitzen jarraitzea. Beraz, arazo horri irtenbide sozial bidezkoa eman nahi dion edozein proposamenek kontuan hartu behar du hori, eta enplegua erdigunean jarri.
Eragin desberdina sektoreen arabera
Erronka horiei aurre egiteko, lan-ildo desberdinak konbinatu beharko dira. Adibidez, kontuan izan behar da eragina desberdina izango dela sektoreen arabera. Murriztu edo indartu beharreko sektoreen definizioa, lehenik eta behin, bereizketa hori egin ahal izateko ezarritako irizpideetan oinarritzen da. Adibidez, etikoki onargarriak ez diren jarduera jakin batzuk aurkitzen ditugu, hala nola arma-industria (bidezkoa al da armak edo Gaza bonbardatzeko erabiltzen diren ekipamenduak fabrikatuz irabaziak lortzea?) edo espekulazioa (elikagaiak, finantzak, higiezinak, etab.). Jarduera horiek desagertu edo gutxieneko adierazpenera murriztu behar dute, zalantzarik gabe, eta ez dute inolako babes instituzionalik izan behar (ez legezkoa, ez ekonomikoa).
Badira alde batera utzi beharreko beste jarduera batzuk ere, hala nola energia fosila (petrolioa, gasa...) edo nuklearra ekoiztea. IPCCk bere txosten guztietan gogorarazten digu berotze globalaren ondorio larrienak saihestu nahi baditugu, energia fosilak alde batera utzi behar ditugula. Planetako bizitzaren biziraupen kontua da. Gai honetan ezin dugu beste alde batera begiratu.
Eta badira beste jarduera batzuk, modu ordenatuan edo ez, errotik murriztu eta eraldatu beharko direnak. Horien artean daude automobilgintzarekin, siderurgiarekin, berriztagarriak ez diren materialak eraldatzen dituztenekin edo azpiegitura handiak eraikitzearekin lotutakoak (horietako askok eragin oso negatiboa dute ekonomian, gizartean eta ingurumenean, hala nola Abiadura Handiko Trenak).
Jarduera eta enplegua ezin dira murriztu sektore horietako langileak alde batera utzita.
Bidezko irtenbidea eman behar zaie jardueren eraldaketa horren eraginpean egongo direnei (enpresen jarduera eraldatzea, beste jarduera batzuetan birkokatzea, diru-sarrera duinak bermatzea, etab.).
Ez dago zalantzarik sektore batzuek enplegua sortzeko duten ahalmenari buruz. Duela ia hamarkada bat txosten bat egin genuen. Txosten horretan adierazi genuen Hego Euskal Herrian 106.000 lanpostu berri sor zitezkeela (gutxi gorabehera, enplegu osoaren % 10) benetan jasangarriak eta sozialki beharrezkoak diren jarduera ekonomikoetan. Horien artean, duten enplegu-potentziala kontuan hartuta, honako hauek nabarmentzen ziren:
-
Energia berriztagarriak: ELA energia berriztagarrien defendatzaile sutsua da. Ekarpen honen xedea ez da energiari buruzko oinarrizko eztabaidan sartzea. Baietz esaten diegu energia berriztagarriari, eolikoari eta fotovoltaikoari, baina eredu planifikatu, deszentralizatu, publiko eta demokratiko batekin (energia-komunitateen hedapena...), kontsumitzen den energia lurraldean ekoizten den eredua, dibertsifikatua eta, batez ere, eskala txiki eta ertaineko sorkuntzarekin. Aztergai dugun gaiari dagokionez, horrelako jarduerek eta horiei eusteak enplegu-potentzial handia dute.
Eraikinak birgaitzea: energia-sistema eraginkorrak instalatzeari, isolamenduari eta estalkiak eta fatxadak berreraikitzeari edo arkitektura bioklimatikoari lotutako eraikinen birgaitze integrala bultzatzeko planak.
-
Agroekologia, arrantza eta baso-kudeaketa jasangarria: elikagaien ekoizpen urriko lurralde batean elikadura-subiranotasuna sustatzeak lehentasuna izan behar du. Horretarako, hainbat neurri har daitezke, hala nola nekazaritzan ekoizpen ekologikora bideratutako azalera handitzea, elikadurarekin lotutako sektore ez-jasangarrien birmoldaketa ekologikoa edo arrantza jasangarriaren garapena. Baso-eredu jasangarria izatea funtsezkoa da biodibertsitatea babesteko, baita CO2 hustubide gisa ere.
-
Mugikortasun jasangarrirako eta garraio publikoa garatzeko planak: ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko, hainbat neurri hartu behar dira, hala nola enpresetan eta industrialdeetan mugikortasun-planak ezartzea eta garraio publikoko sareak lurralde osoan garatzea, tarifak nabarmen eta etengabe jaitsiz.
Automobila partekatzea ere sustatu behar da. -
Materialen eta hondakinen kontsumoa murrizteko, ondasunen berrerabilera bultzatzeko eta hondakinak modu egokian kudeatzeko jarduerak: industrian zaharkitze programatua amaitzea, ekodiseinuan aurrera egitea, era guztietako ondasunen berrerabilera eta konponketa garatzea edo hondakinak gaikako bilketaren bidez kudeatzea eta errausketa ezabatzea.
Covid-19aren pandemiak agerian utzi zuen zein jarduera diren funtsezkoak. Bizitzari eusteko, ezinbestekoak dira zainketak. Bizitza kolektiboa erdian jartzeak zaintza-eredua errotik aldatzea eskatzen du. ELAren Azterlan Kabineteak egin berri duen txostenean, 1 zaintza-sistema erantzunkidea, publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa behar dela ikusten dugu. Sistema horrek 10.000 lanpostu baino gehiago sortzea ekarriko luke, estimazio oso kontserbadorea eginda. Azaroaren 30erako Euskal Herrian deitutako Greba Feminista Orokorra urrats garrantzitsua izan da zaintzarako eskubide kolektiboaren alde.
Zaintza-sistema ez litzateke zerbitzu publikoak garatu beharko liratekeen eremu bakarra izango. Duela zenbait hamarkadatik hona gobernuek egindako politika zorrotzek zerbitzu publikoen narriadura areagotu dute. Gaur egun, nabarmenena osasun-sistemarena da, baina hezkuntza-sisteman edo gizarte-zerbitzuen beste esparru batzuetan ere asko dago egiteko.
Zerbitzu publikoak, oro har, sozialki beharrezkoak eta desiragarriak diren sektoreak dira, eta eragin txikia dute ingurumenaren ikuspegitik. Funtsean, pertsonek egindako jarduerak dira eta, beraz, garapen horretan egiten den inbertsio ekonomikoak emaitza zuzena eta oso positiboa du enpleguan.
Desmerkantilizazioa eta alternatiben garapena
Merkatuari boterea kentzea eta merkantilizazioaren logikatik ateratzea, trantsizio ekosozialaren bidean dagoen borroka kolektibo horren zati bat da, eta kalitatezko enplegua ere badu jomugatzat. Eta horrek ez du esan nahi publikoa dena bakarrik indartu behar denik.
Garrantzitsua da alternatibak dei ditzakegunak sortzen aurrera egitea ere, hau da, logika desberdinetan oinarritutako proiektu zehatzak garatzea, hala nola energia berriztagarrietan, finantza etikoetan, telekomunikazio-operadoreetan, kontsumo-taldeetan eta abarretan gauzatzen ari direnak.
Alde horretatik, ekintza sindikalaren arloan garapena izan behar duen esparru bat enpresak suspertzekoa da, enpresen jarduera birbideratuz, trantsizio ekosozialerako ezartzen ditugun parametroen esparruan gauzatu dadin.
Politika publikoak trantsizio ekosozialaren zerbitzura
Gure iritziz, behar diren urratsak eta behar den abiaduran emateko, orain ez ditugun politika publikoak bultzatu behar dira. Erakundeek eredu-aldaketa planifikatu behar dute, legeak egin behar dituzte eta diru asko jarri behar dute horretarako.
Enplegu-politikei dagokienez, hartu beharreko ildoak honako hauek izango lirateke, besteak beste:
-
Lanaldia murriztea: lanaldiaren 35 ordurako murrizketa berehala aplikatzea, asteko 32 orduko lanaldirako lehen urrats gisa. Soldata murriztu gabe, jakina.
-
Ekonomiaren berrantolaketa: zaintzak, zaintza feminizatuen lanen banaketa eta bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jartzea, lehen adierazi dugun bezala.
-
Ekonomia birkokatzea: ekonomiak tokikoa eta zirkularra izan behar du. Horrek, industria-eredu produktiboa eraldatzea eta dibertsifikatzea eskatzen du, globalizazio neoliberalaren eta Merkataritza Askeko Tratatuen logika oso desberdin batean oinarritu behar duen industria-eredua.
-
Energia-sektorea berrantolatzea: energia fosilen ekoizpena geldiaraztea, energia-sektorea publiko bihurtzea eta energia berriztagarriak lehen aipatutako irizpideen arabera planifikatzea.
-
Garraio-sistema eraldatzea: elektrifikazioa ez da nahikoa izango mugikortasunaren arazoa konpontzeko. Merkantzien eta pertsonen mugikortasuna ere murriztu behar da, aldi berean garraio publikoa eta kolektiboa garatuz.
-
Elikadura-subiranotasuna garatzea.
Orain arte aplikatutako politikek ez dute anbiziorik, ez produkzio-eredua edo kontsumo-eredua aldatzeko anbiziorik eta ez berotegi-efektuko gasen emisioa murrizteko anbiziorik.
Administrazioek esku hartu behar dute eta proposamen zehatzak egin behar dituzte sektore osoak, esaterako merkataritza-sektorea, jasaten ari diren eraldaketetan, gure herrialdearen eta bertako langileen interesen aurkako merkataritza-eredu bat ezartzea saihesteko. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari 2.300 milioi euro baino gehiagoko funtsak sortzeko eskatu diegu, enpresa estrategikoen kontrola beren gain hartzeko edo gizartearen premiei erantzungo dieten enpresa berriak sortzeko. Funts horiei esker, lehentasuna emango litzaieke ekoizpenari eta gizartearentzat ezinbestekoak diren zerbitzuei (bizitza sortzeko eta ugaltzeko ezinbestekoak direnak), planetaren mugekin bateragarria den produkzio-eredu bat garatuko litzateke, eta gizon eta emakumeentzako enplegu eta lan-baldintza duinak bermatuko lirateke.
Babes sozialeko sistemak ere hobetu egin behar dira (1.260 euroko gutxieneko pentsioa; LGSren baliokidea den errenta bermatua...). Enplegua galduko da jasangarriak ez diren sektoreetan eta pertsona horien premiak bermatu beharko dira, bai eta beste laguntza batzuk ere, hala nola lana sektore jasangarri eta sozialki desiragarrietara bideratzeko, prestakuntza-planetarako eta etengabeko ikaskuntzarako laguntzak. Babes sozialeko sistema egoki batek ondorio positiboak ere baditu enpleguan, batez ere tokiko gauzen sustapenean.
Gastu publikoa handitzea zerga-erreforma bidezko baten bidez finantzatu behar da. Soldataz kanpoko errentetan izaten den iruzur fiskala etetea horren parte bat da. Eta premiazkoa da zerga-erreforma bat egitea ere, errenta handiek, kapital-errentek eta enpresek beren mozkinengatik ordaintzen dituzten zergak nabarmen handituko dituena (sozietateen gaineko zergan kontabilitate-mozkinen gaineko % 25eko gutxienekoa ordaintzea ezarriz, salbuespenik gabe).
Aurrera egin behar dugu gizarte bidezkoago, demokratikoago eta jasangarriago baterantz. Langile-klaseak eraldaketa horren parte izan behar du. Ez dugu aukeratu nahi lana galtzearen edo suntsipen kapitalistaren artean. Ekintza kolektiboaren bidez (mobilizazio soziala eta negoziazio kolektiboa lantokietan), enplegua eta lan-eskubideak bizitzarekin bateragarriak diren jarduerekin lotzen dituzten trantsizioak bultzatu behar ditugu.
1Azterketak 49. Feministak garelako: zaintza-sistema publikoaren alde. ELAren Azterlan Kabinetea. Man Robles-Arangiz Fundazioa