Trantsizio energetikoa bidezkoa izan dadin, gizartearen beharrak jarri behar dira erdigunean, inoiz ez negozioa
Baina “Nafarroako 2030erako Energia Planak” defendatzen duen trantsizio eredua ez da Nafarroako gizarteak behar duena. Ez du energia fosilaren ekoizpena murrizteko neurririk proposatzen. Castejongo zentralak energia fosila erabiltzen dute eta trantsizio energetiko iraunkor batean ez dute lekurik, eta ez dago hauen aipamenik. Ez du energia kontsumo handiko sektoreetan kontsumo murrizketarako neurririk ezartzen.
Proposatzen den energia berriztagarri instalazio handien elektrizitate ekoizpena, Nafarroak kontsumitzen duen elektrizitatea baino handiagoa da. Beraz, plangintza ez dago gizartearen beharrei egokituta, energia enpresa handiek osatzen duten oligopolioak negozioa egitera bideratuta dago. Errentagarriasun ekonomikoa besterik ez da hartu kontuan. Energia negozio gisa ikusten da eta ez gizartearen beharrizan bezala. Planifikatzen ari direnak enpresak dira, beraien interes propioei bakarrik erantzunez, gobernuak instalazio berriak egiteko eskaerak tramitatu besterik ez ditu egiten.
Nafarroako energiaren inguruko plangintzak duen norabidea ikusita, ELAn beharrezkoa ikusten dugu mobilizatzea eta horregatik Nafarroan, beste eragile batzuekin batera, “La Energia Justa” (laenergiajusta.org) kanpainan parte hartzen ari gara, energiarekin loturiko politika eta erabakietan gizartearen beharrizanak lehentasun izan daitezen, eta ez gutxi batzuen negozioa. Gizarte osoarentzat bidezkoak diren neurriak hartu behar dira aurrean dugun erronkari aurre egiteko. Horregatik, bultzatzen dugun energia ereduak honako ezaugarriak izan behar ditu:
-
Energia merkatuaren logikatik kanpo eta eskubide bezala bermauta egotea.
-
Energia sektorea publikoa izatea, kontrol soziala bermatuz.
-
Energia berriztagarrietan oinarrituta egotea eta energia kontsumoaren murrizketa bultzatzea.
-
Herri, hiri edo eskualde batek izan behar duen energia elektrikoaren kontsumoaren neurrirako proiektuak izatea.
-
Autokontsumoa garatzeko inbertsio eta laguntza publikoak norbanako eta komunitateei bideratzea, inolaz ere enpresa energetiko handiei, orain gertatzen den bezala.
-
Energia sorkuntza deszentralizatua izatea, hau da, energia behar den lekutik gertu ekoiztea.
-
Politika publikoek trantsizio eredu honen aldeko hautua egitea eta diru publikoa honetara bideratzea.
-
Ezinbestekoa izango da eredu hau bultzatzen duten energia komunitateak sortzea. Energia komunitateak tokian tokikoak izan behar dira, herritarren kontrol eta parte hartzea bermatuz, eta iturri berriztagarrien dibertsifikazioa bultzatu behar dute, baita energia murrizketarako neurriak ere.
Beharrezkoa da beraz sistema energetikoaren publifikazioan, kontsumoaren murrizketan eta energia berriztagarrietan oinarrituriko trantsizio energetikoa. Baina ez da trantsizio bakarra izango. Gizartearentzat bidezkoa izango den trantsizio ekosoziala posible egingo duten ekonomiaren birlokalizazioa eta industriaren trantsizio ekologikoa ere ezinbestekoak izango dira planetaren mugak errespetatuz pertsonen ongizatea bermatzeko. Eredu hau da ELAk defendatzen duena eta horregatik beste eragile batzuekin batera mobilizatzen jarraituko dugu.