Tubos Reunidos: Hori xantaia da, ez demokrazia

2026/03/16
Tubos Reunidos: Hori xantaia da, ez demokrazia
Unai Martinez Azarola - ELA-Industria eta Eraikuntzako idazkari nagusia
Tubos Reunidos enpresak zor handia dauka eta haren proiektu industrialak oso etorkizun zaila du. Akziodun nagusiak BBVA eta Bizkaiko hainbat familia oso ezagun dira. Zorraren zati handi bat 2008an sortu zen; orduan akziodunei 170 milioi euroko etekinak banatu zitzaizkien (enpresak sortu ez zituenak). Ordutik aurrera langileek hainbat arazo pairatu dituzte: espedienteak, kaleratzeak eta Trapagako altzairutegiaren itxiera.

2021. urtean SEPIk enpresaren zuzendaritzaren esku jarri zituen 112,8 milioi euro; hark ez dauka diru hori itzultzeko asmorik. Zuzendaritza hau ez da gai izan enpresaren jarduera dibertsifikatzeko, ez dio irtenbiderik eman aldian-aldian errepikatu izan diren arazoei, eta ez du asmatu taxuzko industri-planik egituratzen. Haien errezeta bakarra, behin eta berriz aplikatu nahi dutena, hau da: 301 langile kaleratu, Amurrioko logistika kanporatu eta altzairutegia ixtea. Plan honek, aurrekoak bezala, ez dauka ez hanka, ez bururik; haren mamia da enpresa deskapitalizatzea.

Tubos Reunidosen amarrua: Nola lor dezaket langileek 301 lagun kaleratzeko EEE bat ontzat ematea, eta, batez ere, etorkizuneko kaleratzeak erraztea, baita agian behin betiko itxiera ere? Lantegien artean kolpeak oso modu ezberdinean banatuz: 27 kaleratze Trapagan (izan ere, aurre-erretiroa hartzeko prest dagoen jendea eta borondatez atxikiko dena kopuru hori baino askoz ere gehiago da); aldiz, Amurrion 274 langile gera daitezke enplegurik gabe. 

Zuzendaritzak horrelaxe zatitu nahi ditu langileak; gauza da lantegi batekoek beste lantegikoak kaleratzea. Benetan tamalgarria. 

ELA da lehen sindikatua bi lantegietan, eta bietako langileen interesen alde jokatu du zuzendaritzaren estrategiari aurre eginez. ELAk fokua kokatu du puntu batean: zuzendaritza ez da gauza espedientearen zergatiak azaltzeko. Inork ez du sinesten 301 lankide kaleratuta eta enpresa deskapitalizatuta Tubos Reunidos salbatuko denik. Inork ere ez. 

Horrenbestez, ELAren izenean Trapagako langileen ordezkari zirenek (13ko mahaian 2 ziren) EEEa negoziatzean enpresaren posizioarekin bat egin dute. Ulertzen dugu EEE bati aurre egin behar dion edonork enpresaren aldetik jasaten duen xantaia, baina sindikatuaren eginkizuna ezin da izan kaleratzeak onartzea eta bat ere zentzurik ez duten planak bedeinkatzea. Batzuek diote Trapagako lantaldea badela nor erabakitzeko, baina kontrakoa esango lukete Amurriokoek Trapagan 274 langile kaleratuko balituzte. 

Ez dauka ezer demokratikotik lantalde batek beste lantegiko lankideak kaleratzeko bozkatzeak. Ez da demokrazia baldintza onez baliatuko direnak lankideen kaleratzearen kontura aurrejubilatzea. Oraingo espedienterako zergatiak ontzat emanez gero enpresari bide ematen zaio etorkizuneko kaleratzeak errazago egiteko (baita behin betiko itxiera egiteko ere).

ELAk lanean jarraituko du Tubos Reunidoseko langile guztien interesen alde. Zintzo jokatu eta lanpostuen alde egingo du; ez du onartuko hauek suntsitzerik. Ezinbestekoa da bi lantaldeen arteko koordinazioa enpresaren norabidea zuzentzeko. Azken galdera: Non dira Tubos Reunidosi hainbeste milioi eman dioten erakundeak? Ezer egiten ez badute konplize izango dira.