Tuvisa: Zerbitzu publikoa eurotan neurtua

2024/01/15
Ekaitz Oianguren - ELA Gasteiz zerbitzu publikoak

Argigarriak izan dira Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko zinegotziak eta Tuvisako presidenteak Gasteizko Udaleko Espazio publikoa, Auzoak, Mugikortasuna eta Trafikoa komisioan adierazitakoak. Beste arduradun politikoak esatera hausartzen ez direna esan baitu: Tuvisa autobus zerbitzuko hainbat zerbitzu publiko pribatizatu direla ‘aurreztearen mesedetan’, eta ziurtatu du ez dituela berriro publifikatuko.

Zenbakiak ere eman ditu zinegotziak hori argudiatzeko: zerbitzu batzuk pribatizatuta,Tuvisako udal langileen esku utzi baino kostu erdia dutela dio. Esaterako, garabian gaueko zerbitzuetarako azpikontratatuko enpresak 90.000 jasotzen dituela ziurtatu du, eta Tuvisako langileen esku balego 215.000 euroko kostua lukeela. Parkingetako gauetako zaintzaren kasuan, Udalak enpresa pribatu bati 25.000 euro ordaintzen dizkiola adierazi du zinegotziak, eta langile publikoen eskuetan kostua 87.000 eurokoa litzatekeela.

Zifra horiek ez ditugu ontzat ematen, inondik inora. Baina zifrak baino, zenbaki dantza horien atzean dagoenari begiratu nahi diogu. Izan ere, Gurtubaik argi adierazi du zerbitzu publikoak pribatizatzearen arrazoi bakarra ekonomikoa dela; ez dago zerbitzua hobetzeko asmorik, ez bestelakorik. Sosak nagusi. Ondorioz, erakusten du pribatizazioak egiten direla zerbitzuan erreparatu gabe, langileen baldintzei begiratu gabe. Zalantzarik ez baita halako diru ‘aldea’ bakarrik lortzen dela zerbitzuak kaltetuta eta lan baldintzak okertuta.

Ba ote daki Gurtubaik lehen gaueko gruaren zerbitzua jasotzeko gasteiztar batek 20 minutu itxaron behar zituela batez beste, eta orain bi ordu? Pribatizazioaren ondorioz zerbitzu horretako lanpostu bat gutxienez desagertu dela?

Ba ote daki Gurtubaik parking publikoetako gaueko zerbitzuetan ez dagoela langilerik presentziaki lanean? Horrek hiritarrei begira sortzen dituen ondorio eta ziurgabetasun guztiekin.

Ba ote daki zinegotziak azpikontratatutako enpresa pribatu horiek Bartzelonatik, Madrildik edo munduko beste hiri batzuetatik egiten dutela lan? Beraz, Gasteizko hiritarren diru publikoa halako enpresa pribatuen esku geratzen dela?

Izango ote du Gurtubaik azpikontratatutako langile horien baldintza prekarioen berri?

Tamalez, jakin badaki berak eta pribatizazioak sustatzen dituzten beste arduradunek zein den errealitatea. Baina zinegotziak argi adierazi bezala, lehentasuna dirua da, ez zerbitzu publikoaren kalitatea, ez langileen egoera. Hori guztia bigarren mailakotzat dute. Hiritarrak jaso behar duen zerbitzu publikoa kalitatezkoa izatea bigarren mailakoa da. Garrantzitsuena dirua ‘aurreztea’ da, axola gabe gasteiztar guztion dirua noren eskuetan geratzen ari den.

Administrazioek pribatizatzeko erabakiak hartzen dituztenean zerbitzu publikoaren kalitatea eurotan bakarrik neurtzen baita.

ELAk argi dauka zein den bidea. Tuvisako langileak antolatu eta mobilizaziora jo dute. Gasteizko hiri barruko autobus garraio zerbitzua enpresa publiko baten gain dago, eta langileak nazkatu egin dira Udalak eta enpresek eurekin zein zerbitzuarekin izandako utzikeriarekin. Horregatik erabaki dute borrokatzea.

Grebak eta lanuzteak egin dituzte, eta martxoan greba mugagabea hasteko prest dira.

Orain arteko mobilizazioek autobus gidari, parking eta tailerretako langileen erabateko babesa jaso dute. Eskatzen dutena Gurtubairen hitzak bezain zuzenak eta argiak baitira; ELAk azken urteotan zerbitzu publikoen defentsan aldarrikatutakoa.

Honako bi aldarri nagusi defendatzen dituzte Tuvisako langileek: alde batetik, lanpostuak bermatzea eta ez deuseztatzea eskatzen dute, zerbitzu publikoaren kalitatea bermatzeko ezinbestekoa dena; eta bestetik, zerbitzu publikoak ez pribatizatzea eta beraz, parking eta garabietako zerbitzuetako pribatizazioak atzera botatzea, berriro publifikatu dadin.

Pribatizazioei muga jartzea ez da diru publikoaren erabilera arduragabea egitea, Gurtubai jaunak hala adierazi arren. Alderantziz baizik: erabili dezagun diru publikoa kalitatezko zerbitzu publikoen alde. Hori lortzeko borrokan jarraituko dute Tuvisako langileek.