Txeke zuririk ez
PP langabeziaz prestatzen ari den neurrien aurkako greba orokorra askoren ahotan dabil asteotan, baina erantzukizun nagusia duten sindikatu espainolek ez dute oraindik jarrera argirik adierazi. Badirudi, halere, sindikatuok greba deitzera behartuta daudela; UGTk aspalditxotik horren beharra ikusten duelako; CC OOrentzat, aldiz, deialdia barruko tirabirak baretzeko baliagarri izan daitekeelako. Italian egin denak sortutako giroak ere laguntzen du, eta badirudi, azkenik, Gonzalezen aurka hainbat greba orokor egindako sindikatuek ezin diotela Aznarri berea jasan gabe joaten utzi.
Grebarako arrazoiak badaude, eta ELA prest dago parte hartzeko, baina estatuko sindikatuen orain arteko bidea eta grebarekin bilatzen dituzten helburuak ahaztu gabe.
Izan ere, UGT eta CC OOen azken urteetako bidea gogoratzeko modukoa da: 1997an pentsioen erreforma, kaleratzea errazte eta merkatzea eta negoziazio kolektiboa zentralizatzeko neurriak adostu zituzten PPren gobernuarekin. Ordutik hona ere jite bereko akordioak sinatu izan dituzte: 1998an CC OOek lanaldi partzialerako kontratua onesteko, eta 2001ean, pentsioen murrizketari buruzkoa.
Grebaren helburua eskuineko gobernuaren politika neoliberala aldaraztea baino CC OOek bere ikur egin duen elkarrizketa soziala berreskuratzean datza, elkarrizketa hau itxurakeria hutsa besterik ez dela badakigu ere.
Hartara, CC OOek eta UGTk jakin behar dute ELA ez dela greba deialdiaren jarraitzaile otzan izango, eta parte hartuagatik ez diela gobernuarekin izan duten jokoan jarraitzeko txeke zuririk emango. Beraz, horrek guztiak Euskal Herrian balizko grebari itxura eta molde berezia emango dio.