Urrats berria

2002/09/06

Aurtengo udazken eta neguan Euskal Herriko milaka lantegitan egingo diren ordezkari sindikalen hauteskundeek garrantzia itzela dute ELArentzat. Lehenik, orain arte ordezkariak genituen enpresetan egindako lanaren errebalida izango direlako. Bigarrenik, azken urteotan enpresa berrietara iristeko egin den ahaleginaren fruitua jasotzeko aukera emango dutelako.

Hirugarrenik, hauteskundeek ELAren legitimazio demokratikoa sendotzeko balio behar dute; azken honi dagokionez, badakigu sindikatu baten indar nagusia bere afiliazioan datzala, sindikatuan bat egitea erabaki duten langileen atxikimendu eta konpromisoan alegia. Baina estatu espainolean ezarrita dagoen legeriak sindikatuen pisua neurtzerakoan ez du afiliazioa aintzat hartzen, hauteskunde sindikaletan lortutako ordezkaritza baizik. Ordezkaritza, beraz, erabakigarria gertatzen da sindikatuaren ekintza ahalmenerako, esate baterako, lan-hitzarmenen negoziazioaz ari garenean. Eta, zentzu politikoago batean, hauteskundeen emaitzak Euskal Herrian garatu den sindikalismo eredu bereziarentzako bermea dira.

Pisuzko arrazoiak daude, beraz, hauteskundeotan parte hartzeko, botoa emanez eta ELAren zerrendetan sartuaz. Bozkatuaz berriro ELAren nagusitasuna finkatzen badute, langileek gure sindikatuak egindako bidea eta aukerak berretsiko dituzte, eta –handikeria instituzionalistak baztertuz– lantegiz-lantegi eta herriz-herri gure ordezkari eta militanteak egiten ari diren lanari indar berria emango diote.