Urriaren 7an, Donostiara! (Astekaria 195. Editoriala)
Euskal preso politikoen eskubideen alde lan egiteko sortu zen Ibaetako foroak esandakoaren arabera, pertsona horien egoerak okerrera besterik ez du egin azken urte honetan. Sakabanatzea areagotu egin da, egun preso politikoak inoiz halakorik ezagutu ez duten espetxetan daudelarik; gaixotasun larriak dituztenak ez dira kaleratzen; halaber, libre egon beharko luketen 160 presoei bizi arteko zigorra ari zaizkie ezartzen tresna politiko eta juridiko berriak asmatuz (Parot dotrina edo inputazio berriak direla medio...).
Aste honetan bertan ezagutu dugu egoera latz hori laburbiltzen duen adibide bizi bat: kondena oso osoa beteta datorren hilean ateratzekoa zen Jon Agirre presoari Auzitegi Nazionalak bost urtez luzatu dio espetxealdia; gaixotasun sendaezinak dituelarik gainera. Dirudienez Agirrek, eta euskal presoek, oro har, ez daukate eskubiderik kartzelatik noiz atera behar diren jakiteko ere... Hau bezalako beste kasu asko errebisatzen ari da estatua, eta etorri, etorriko dira.
Foroak berak esan du, gainera, bere sorreratik salatzen duen beste oinarri oinarrizko eskubideen urraketa ere ez dela eten (komunikatzeko eskubidea, ikasketak egitekoa, aita edo ama izatekoa, benetako defentsa jasotzekoa...) eta horregatik bere alarma argia piztuta dagoela, presoen kolektiboak jasaten dituen mendeku neurri latzak ikusita.
ELAk bere gain hartu izan du urteotan presoen eskubideen defentsa, besteak beste, Foru horren parte izanik. Foroak aste honetan adierazi bezala, gure ardura da ere gizartea etorkizunean lozorroan ez egotea, bere herrikideen sufrimendua ikusirik ezer egiteke geratzea. Sindikatuak konpromezu hori berretsi nahi du, eta horregatik dei berezia egiten dio bere kide guztiei, Ibaetako Foruak deituta, datorren urriaren 7an Donostian egingo den manifestaldian parte har dezaten.
Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztearen alde; zigorra bete arren preso jarraitzen duten pertsonak kalera ditzaten; sakabanatutakoak etxera ditzaten... euskal presoak Euskal Herrira, dagozkien eskubideen jabe!