Ustezko politika sozialen iruzurra
Prozesu guztia ez da badaezpadakoa; bazekiten edukiak ez gintuela asetuko. Orain, gizarte demokratiko batean, ahots kritikoek beren lekua izan beharko zuketen. Baina ez da hala izango; euren esku daude komunikazio enpresa gehienak, eta kontrol horretaz baliatzen dira herritarrei gai politiko garrantzitsuen (fiskalitatea...) mamia ezkutatzeko, politika esparru itxi bihurtzeko eta petnsa arazteko eurena beste alternatibarik ez dagoela. Horregatik, erabakiak inongo parte hartze sozialik gabe hartzen dira.
Akordioen sinatzaileek hitzen esanahia desitxuratu egiten dute. Adibidez, diote helburu bakarra “solidaritatea” dela. Baina, zer gertatzen da benetan? Akordioaren edukiak ez duela zerikusirik solidaritatearekin.
Zinismo handiz, murrizte politiken ardurari itzuri egin nahi diote, Europaren eta Espainiaren erruz datozela esanez. “Ni ez naiz izan”, da mezua. Baina PSOEk bankuen esanetara jokatuz Konstituzioa erreformatu zuen, eta orain bere erantzukizuna ezin du zuritu. Halaber, EAJk ere ezin du lortu irenstea berak ere ez duela ezer egin, 2013rako historiako aurrekonturik murriztaileena proposatu eta gero. Bi alderdiek, PSE-EEk eta EAJk, murrizketa latzak ezarri dituzte (pentsioetan eta lege laboraletan); biek, txintik esan gabe, dagokien esparruen Estatuak hartutako erabakiak aplikatzen dituzte. Ez da egia bien artean desadostasun handirik dagoenik; hitz hutsalen inguruko istilu mediatikoen atzean ez dago benetako lehia politikorik. Urkullu agintean ez zegoenean bere alderdiak Lopezi exijitzen zion Madrilekiko “pase forala” erabil zezala; baina orain, Ajuria-enean dagoelarik, estatuko oinarrizko legeria “kopiatu eta itsatsi” besterik ez du egiten. Hori da nonbait hain ozen saltzen duten“bilateraltasuna”.
Zein da akordio honen funtsa? Pairatzen ari garen politika bera babestea, gobernuari aurrekontuak Legebiltzarrean aurrera ateratzeko bermea ematen zaiolarik. Baina hori aski ez eta fiskalitateaz gutxienez 2016raino hitz egiteko aukera eragotzi nahi dute.
Zerga arloan Akordioak ez dakar atxikita aldaketa bakoitzari esker bilduko den diruari buruzko memoriarik. Hiru urtean 1.500 milioi € gehiago izango omen dira (urteko 500) “aldaketa fiskalei, iruzurraren jazarpenari eta Akordioan jasotako beste neurri batzuri” esker; trikimailu bat egiten dute horretarako. Neurrietako batek BPGdaren %1,2raino zorpetzeko beta ematen du (Rajoyk ezarri eta EAJk onartutako muga, alegia), eta horrekin aurtengo aurrekontuan 330 milioi gehiago izateko aukera. Beraz, hasieran aipatutako 500 milioiei 330 kenduz gero, neurri fiskal berrien eta iruzurraren jazarpenari esker 170 milioi metatuko lirateke. Zer dira 170 milioi? Zenbateko oso txikia. Bederen, aintzat hartuz gero presio fiskalaren diferentziala europar batez bestekoarekiko 5.300 milioietan dagoela.
Lehendakariak berak, agian nahigabe, akordio fiskalari buruzko datu zehatza eman du, bera sinatzeak euskal enpresarioengandik urrunduko ote duen galdetu diotenean: “PFEZari edota Sozietateen Zergari dagokionez, marginalak espainiar Estatuko altuenen azpitik daude oraindik”. Hori egia da; halaxe erabiltzen da Kontzertu Ekonomikoa: PPren mailara ere ez da iristen.
Patronalak badu pozik egoteko arrazoirik. Batetik, mantenduko diren pribilegio fiskalak medio, eta bestetik, gastu publikoa erabiltzeko moduagatik. Zergetan, tasa nominalak gorabehera, kenkariez baliatzen jarrai dezake (esaterako, I+G+b arloan); behar baino gutxiago ordaintzen du, edo bat ere ez. Iruzur fiskalari dagokionez, ez dago argi zein bitarteko erabiliko den hura jazartzeko, ezta zein errenta mota ikuskatuko den ere. Hain zuzen, estatuko Zerga-Agentziako ikuskatzaileek duela gutxi plazaratu duten txosten interesgarri batean salatu dute gobernuek (lehenago PSOEk eta orain PPk) esan egiten diela zein enpresa ikuskatu behar duten, iruzur oso txikia edo hutsa dagoen kasuetara bideratuz (beraz, denbora gal arazten diela), eta aitzitik, ikuskatu gabe uzten omen dituzte kopuru handiak ezkutatzen dituztenak. Ondorioz, ulergarria da IBEX-35eko enpresek tasa nominala %30 izanagatik Sozietateen Zergan %4 ordaindu izana. Zer gertatzen da kontu honekin euskal ogasunetan?
Eta gastu publikoaz zer? Honetan ere patronala irabazle. Gastu soziala osasungintza, hezkuntza eta gizarte-politiketan murriztu egiten da. Akordioaren sinatzaileek diotenez, “luzatutako aurrekontuko finantziazio bera bermatuko da”, hots, 2012ko zenbatekoa. Beraz, beharrizan sozialen hazkundea esponentziala delarik, solidaritaterako ahalegina 2012ko mailan izoztuta geratuko da. Akordioak, haatik, argi uzten du diru gehiago egongo dela enpresentzat, eta kontratu berriak diruz lagunduko dituztela (%100ean). Galdetu beharra daukagu: Zein da Jaurlaritzak enplegu arloan egiten duen ekarpena? Izan ere, gobernua enplegu publikoa eta azpikontratatua suntsitzen ari baita (hor ditugu lehiaketa publikoetako baldintza-pleguak, zeinekin batera baitatoz kaleratzeak eta soldata jaitsierak).
EAJk eta PSE-EEk, puntu honetan ere, patronalaren diskurtso ideologikoa bereganatu dute: “Diru-sarrerarik izan ez eta oinarrizko errenta bat jasotzen duten pertsonen bazterketa sozial egoera kroniko bilakatzea saihesteko, politikarik egokiena beren prestakuntza eta laneratzea sustatzean datza”. Argudio hori erabiltzen dute diru publikoz lan-kontratu miserable batzuk finantzatzeko, prestazio sozialak mozteko eta jendea edozein lan-eskaintza onartzera makurrarazteko. Begibistakoa da lan duina ez dela EAJk eta PSE-EEk aintzat hartzen duten zerbait. Baina ez dira azaltzeko gauza zergatik finantziazio horrekin ez den lanpostu bat ere sortzen, eta zergatik jo behar duen atzerrira lan bila sekula hobekien prestatuta egon den belaunaldi honek?
EAJ eta PSE-EEren arteko akordioak desberdintasun sozialak areagotu egingo ditu eta enplegu gehiago suntsitu. Horixe da bi alderdiok krisi honetan egin duten benetako ekarpena, ez direlako gauza kateatuta dituen patronalarengandik askatzeko.
Adolfo Muñoz “Txiki”