Villavesetako gatazka: greba eta duintasuna UGTren traizioaren parean

2026/01/07
Villavesetako gatazka: greba eta duintasuna UGTren traizioaren parean
Josetxo Mandado Aguerri - Zerbitzuak Nafarroa
Hamar hilabete izan dira borrokan, 61 greba egun, Moventis TCCko langileentzat (villavesak) oinarrizkoa den zerbaiten alde: hitzarmen duina eta lan baldintza onak. Hamar hilabete konpromiso, batasun eta borroka kolektiboan, gutxitan izaten den moduan. Sindikatu guztiak eta plantilla osoa elkar hartuta, duintasunez borrokatzen denean edonori parez-pare begiratu ahal zaiola erakutsiz.

Baina aukera historiko hau galdu da. Ez indarrik edo arrazoirik falta izan delako, baizik eta UGTk (beste behin) erakutsi duelako euren leialtasuna ez dela langile klasearekin, enpresarekin baizik. UGT berriz ere agerian geratu da. Borroka alde batera uzteko joera —edo zuzenean patronalaren alde jartzekoa— inoiz baino argiago geratu da.

Traizio sindikal horri gehitu behar zaio enpresaren jarrera, Moventis TCCrena, greba zapuzteko trikimailu guztiak erabiltzeko zalantzarik izan ez duena. Greba eskubidea erabili nahi zutenei zerbitzuz aldatuz gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, edo langile berrienei deituz presioa eginez ez zaiela berrituko mehatxatuz. Bultzatu, oihukatu eta eraso egin zaie pikete informatiboei eta beren borondateari men egin ez dioten guztiei. Oinarrizko eskubideak zapaldu dira, baliorik ez balute bezala.

Bien bitartean, erantzukizun postuetan dauden pertsona batzuek, zuzendaritzarekiko obedientziagatik eta esker onagatik jarriak, pasilloetan ibiltzen dira txantxak egiten, errespetua falta zaiela eta barreka, plantillak xantaia bidez eta behartuta akordio duin gabe bat sinatzen duen bitartean. Ez dute inor ordezkatzen, beraiek eta etorkizuneko sariak agintzen dizkietenak baino ez, gaur egungo morrontzaren truke.

Eta hori guztia, Iruñerriko Mankomunitatearen jokaera ahaztu gabe. Lan gatazka honetan gertatu denak zerbitzu publikoen pribatizazioen errealitatea ezkutatzen du. Garraio publikoa bezalako zerbitzuak enpresa pribatuen esku uzteak aukera ematen die TCC Moventis bezalako enpresei dirua irabazteko langileak esplotatuz. Zehazki, garraio publikoaren esleipena hamar urterako egin zen, aurreko esleipenarekiko %14ko beherapenarekin. Gainera, gogoratu behar da San Ferminen aurreko egunetan, eta gatazkaren une kritikoenetako batean, Mankomunitateak ohar bat plazaratu zuela enpresaren alde jarriz, esanez enpresaren proposamena “nahikoa” zela eta greba “justifikaziorik gabea” zela. Mankomunitatea enpresaren alde kokatzea, langileak bazterrean utziz, egoera hau bera sortu duenean aurreko lizitazioaren prezioa jaitsiz, erabat onartezina da.

Ozen eta argi esaten dugu: hau ez da amaitu. Duintasuna ez da sinatzen, borroka ez da saltzen, eta hamar hilabete hauen memoria ez da sinadura batekin ezabatzen. Batzuk arrastaka dabiltzan bitartean, besteok zutik jarraitzen dugu, eskubideak ez direla oparitzen, defendatu egiten direlako uste osoarekin.