Vocento gezurretan (Astekaria 204. Editoriala)

2007/01/23

Vocento taldeko euskal egunkariek urtarrilaren 13an ELAren eta bere arduradunen inguruan argitaratutako gezurrek ez dute barkaziorik, oso erraz baitzuten hedabideok eskuartean zutena gezurra edo, gutxienez, susmagarria zela antzematen.

Erraza zela diogu, lehenik, sindikatuko arduradunei egozten zitzaizkien pentsio-funtsak, izugarriak, neurriz kanpokoak zirelako; aipatzen ziren diru mordoak errealitatea apur bat ezagutzen duen edonorengan susmoaren edo zalantzaren argi laranja pizteko adinakoak ziren. Hala eta guztiz ere, El Correo-koek, ELA jokoz kanpo harrapatu izanaren emozioak itsuturik edo, nahiago izan zuten egiaztapen lan gogaikarriak aldera utzi, notizia platerean jarri eta mahaira ateratzea.

Batzorde eragileko kide-ohiak sindikatutik erakundeetako karguetara pasatzen direnaren notizia gezurra zela egiaztatzeko ere ez zuen neke handirik behar kazetariak; nahikoa zuen izen-abizenez aipatzen zuen zerrendako kide bakoitza, ELA utzi ostean, non dagoen edo zertan ari den ikertzea edo, besterik gabe, sindikatuari edo interesatuei galdetzea, inork kargu instituzionalik ez duela jakiteko. Nola, baina, baztertu ELAk omen duen independentzia politikoaren iruzurra agerian uzteko hain aukera borobila? Berriz ere, platerean jarri eta mahaira.

El Correo Español eta El Diario Vasco-k kazetaritzaren oinarrizko arauak hautsi dituzte. Lehenik, argitaratzera zihoazena egia ala gezurra zen baieztatzeko beharrezkoak ziren urratsak ez dituztelako eman; urrats funtsezko bezain errazak, bestalde. Bigarren arau haustea, notizia argitaratu ondoren egin dute, hanka sartzea -hanka sartzea izan bada- zuzendu nahi izan ez dutenean. Erraz zeukaten zintzotasun apurrik izan balute: erratu egin gara, argitaratutakoa ez da zuzena, eta kaltetuei barkamena eskatzen diegu. Erraza, bai, baina irentsi ezinekoa, nonbait, Vocento talde ahalguztidunaren larderiarentzat. Horregatik, gezurrari eustea nahiago izan dute; gure kaltean, noski, baina, batez ere, egunkarion sinesgarritasunaren kaltean. Horretan saiatuko gara.