VW: Diru publikoz lagundutako kapitalismoa
Egun berean Mikel Irujo Industria kontseilaria oso kezkatuta agertu zen Alemaniako industriaren une larria dela eta: "Ezinegona" eragiten omen dio. Irujoren arabera, adi egon behar da Nafarroako sare industriala sostengatzeko politika publikoak nola bideratu erabakitzeko, multinazional alemanek nafar ekonomiarekin duten lotura medio.
Bi kontu horiek jarraian aipatzea nahasgarria da: ez dakigu Irujo soilik automobilgintzaren egoera larriaz ari zen edota Alemaniako industria guztiari buruz. Haatik, ongi dakigu gurean multinazional alemanen sare industriala sostengatzeko politika publikoak aipatzen direnean laguntzen onuraduna zein izan litekeen herritarroi izen bakarra datorkigula burura. Hona hemen susmo hori berreseten duten datuak.
2017 eta 2024 bitartean VW Navarrak 30 urte arteko langileak kontratatzeko laguntzen % 84,5 jaso du. 2017ko uztailaren 4an Nafarroako Gobernuak Nafar Lansarea Enplegu Zerbitzuaren bidez (horren partaide dira, exekutiboarekin batera, UGT, CCOO eta CEN ere) diru-laguntza deialdi bat egitea erabaki zuen "30 urte arteko gazte langabeen kontrataziorako".
Laguntza ematean helburu bat aipatu zen, gazteen langabezia-tasa izugarria (une hartan % 24,9koa zen) jaitsiaraztea, batik bat "ikasketa maila apala" zuten gazteei eragiten ziena. Enplegu Zerbitzuak argudiatu zuen orduan “kolektibo honek aukera profesional gutxi ditu; horrez gain, prestakuntza eta trebakuntza profesional eskasa du; beraz, lan-merkatuan sartzeko aukerak murrizten zaizkio”.
Kolektibo hau laneratzeko modua errazte aldera, pizgarri gisa dirulaguntzak eman ziren 50 lagunetik gorako lantaldea zuten enpresa nafarretan 30 urte arteko langileak kontratatzeko, betiere lehentasunezko alor ekonomikoetan jardunez gero (automobilgintza, elikadura-katea, energia berriztagarriak, osasuna, turismoa eta sormenezko industriak zein digitalak).
Diru publikoa horrela desbideratzeko joera luzatu egin dute. 2017 eta 2021 urteen artean, laguntza-deialdietan aldaketa txikiak gorabehera, 6 hilabetetik gorako kontratu guztiak -behin-behinekoak zein mugagabeak- lagundu ziren diruz, praktikatakoak eta trebakuntza eta ikasketakoak salbu.
2022an, Europatik zetorren exijentziaren ondorioz, behin-behinekotasun tasa altua mugatzeko lan-erreforma egin zelarik, ebatzi zuten soilik kontratu mugagabeak lagunduko zituztela diruz. Ez, ordea, aldizkako kontratu finkoak eta lan jakin bati lotutako kontratu mugagabeak.
Urteotan kontratu bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoa ez da asko aldatu: kontratu bakoitzeko urtean 11.880 euro eta 13.200 euro artekoa izan daiteke. Derrigorrezkoa da, bestalde, langileari gutxienez LGS 1,75 bider adineko soldata ordaintzea.
Jakina, txalotzekoa zen laneratzeko arazoak zituzten gazteen kontratazioa laguntzea, baina baldintza-agirietan ez zen neurririk jaso kontratazio hau sustatzeko; 30 urte arteko langileei egindako edozein kontratu mugagaberekin jaso zitekeen dirulaguntza.
Zortzi urteotan ere ez dugu ikusi azterketarik laguntza horiek gazteen langabezia-tasan izan duen eraginari buruz, ez eta arazoak zituzten gazteen laneratzeari buruz ere, ematen jarraitzea bidezkoa zen ala ez erabakitzeko.
Horrenbestez, 2017 eta 2024 bitartean Nafarroan 7.861.505 euroko laguntza publikoak banatu dira 30 urte arteko gazteak kontratatzeko, eta VW Navarrak jaso du diru publiko horren % 84,5: zehazki 6.641.550 euro. Zenbatekoaren aldetik diru gehien jaso duen hurrengo enpresa nafarrari 250.000 euro baino gehixeago eman diote. Diru publikoa enpresa pribatu jakin batzuen poltsikora joan da (lehentasunezko sektoreetakoak), hain zuzen ziurrenik gutxien behar dutenak izan arren.
Aurtengo urriaren 18ra arte VW Navarrak dagoeneko diruz laguntzeko moduko 157 mugagabeko kontratu egin ditu (haatik, 23 besterik ez dira emakumeei egindakoak, % 17a alegia), eta laguntzak jasoko ditu, noski. Argi dago multinazional alemana ederki baliatzen dela diru publiko nafarraz, gobernu honen eta aurretik izan zirenen eskuzabaltasunari esker.