Xabi Anza: "Gatazka lagungarri"
Gatazka lagungarri
Xabier Anza
Duela bi hilabete eskas, ELAko Nazio Batzordeak "Burujabetza irabazteko konfrontazio demokratikoa prestatu" izenburua zuen agiria plazaratu zuen. Dokumentuak nazio-prozesuarekiko gure jarrera estrategikoaren osagai nagusiak gogoratu nahi zituen egungo egoera politikoaren azterketaren harira, eta aro honetarako gure sindikatuaren konpromisoak zehaztu zituen ere.
ELAren azterketak askotariko erreakzioak eragin ditu. Batzuk berehalakoak, beste batzuk lasaiagoak. Gutxi batzuk aldekoak, gehienak kontrakoak. Zitalak ere izan dira (Ramon Jauregirena, kasu), baina baita ere pentsarazten dutenak. Espero zitekeen modura, hedabideetan oihartzun handiena lortu dutenak EAJ, PSE-EE eta Ezker Abertzalearen ordezkarienak izan dira. Eta azken hauenak izan dira, dudarik gabe, landuenak eta luzeenak.
Gogoeta horietan esaten dena laburbiltzea benetan zaila da. Halere, akatsak, gure ahotan jarri baina esan ez ditugun gauzen aipamena eta iragan hurbileko gure jarduerari buruzko lekuz kanpo dauden komentarioak aparte utzita, esan genezake ELAren hausnarketak eztabaida sortu duela, eta hori guztion probetxurako da.
Azaldu diren kontrako argudioen artean bat izan da, ene ustez, erabiliena: kontsensuarena alegia. Eragile politiko nagusien iritziz, akordio politiko bat ekarriko duen mahai bat osatu beharra dago, konponbide politikoak kontsensua eskatzen duelako.
Onartu beharra dago, egia da, ELAren dokumentuaren titulua bera, konfrontazioaren ikurra bere egiten zuen unetik, probokatzailea gerta zitekeela. Baina kritika gehienek ez dute jasotzen ELAren kontsensuari buruzko azterketaren muina. ELArentzat behar beharrezkoa da, lehenik, desberdintzea akordio horrek egun eman dezakeena eta eman ez dezakeena, ilusio faltsurik ez egiteko. Bigarrenik (egia da hau gutxiago landuta dagoela dokumentuan) kezka bat iradokitzen du: derrigorrezko ikusten den akordioaren aldarrikapenak eta praktikak ez ote gaituen kontsensuaren ideologiaren menpe utziko.
Horrela, lehenengo gaiari eutsiz, ELAk begi onez eta begirunez ikusten du kontsensu politiko batera iritsi daitekeen mahai bat. Ez hori bakarrik. Posible eta komenigarria ikusten du gainera, zailtasunak zailtasun, giza eskubideen inguruan eta biolentzien bukaeraz, biktimen eta familien laguntzaz, eskubide zibil eta politikoen inguruan (beste gauzen artean guztion partehartze politikoa bermatuko lukeena adibidez) edota estatu botereen eta polizia indarren demokratizazioaz, adibidez, ahalik eta akordio handienak lortzea... Benetan uste dugu posible direla, beharrezkoak, eta gure esku dagoen guztia egingo dugula akordio horiek sendotzeko, jakinik noski, gu ez garela horretan protagonista nagusi.
Gatazka politikoari dagokionez, ordea, zera aldarrikatzen dugu: indar abertzaleen arteko gutxieneko akordio bat eta prozesu soberanista baten hasiera, hain zuzen ere, dugun indar korrelazioari buelta ematen hasi ahal izateko.
Arazo ideologikoari dagokionez, ordea, nago garai neoliberal hauetan, kontsensua eta komunikazioa botika bihurtu direla, berez gatazkatsua den giza bizitzaren alor guztiontzako sendabidea. Gizartean, lan munduan edota politikan arazorik badago, komunikazio faltagatik eta ondoriozko kontsensu ezagatik izango da, eta ez ordea interes kontrajarriak eta bateraezinak daudelako jokoan. Ignacio Ramonetek aspaldi idatzi bezala, komunikazioak superstizio gisa funtzionatzen du gure gizarte garatuetan, errealitate osoaren kudeaketa baketzailerako balioko lukeen tresna bezala.
Ez zait iruditzen, aldiz, gatazka eta kontsensu ezak, berez, zorigaitza edo gizartean haustura ekarri behar duenik. Gatazkak geure burua ezagutzen lagun gaitzake, pertsonengan eta taldeetan lo dauden ahalmenak esnatzen, errealitatearen azterketa sinpleegiak gainditzen, gure sormena pizten, aldartea sendotzen... Badago gatazka era positibo batean bizitzea, horretarako hiru erregela nagusi ikusten ditudalarik: lehendabizi, ideia eta aukera politikoak pertsonengandik eta hauen duintasunetik bereizi; bigarrenik, giza eskubideen inguruan kontsensu zabalak bilatu; eta hirugarrenik, beste gai guztietan (egituratze politikoak, interes sozial kontrajarrien arteko borrokak, e.a.) gutxiengo eta gehiengo politiko eta sozialen joko demokratikoa errespetatu.