Xake-mate VWen 'just in time'i?

2016/01/04
Orain dela 30 urte, Japoniako enpresa handiek “just in time” ezarri zuten, “hondakinik ez” helburuari begira, eta halakotzat jotzen zuten “produktuari funtsezko baliorik ematen ez dion alderdi oro”. Ez ziren ausartu idatzita uztera, baina hondakin horietako bat —“just in time” ikuspegitik— esku-lana zen. Eta Nafarroan VWek torlojuak ezin gehiago estutu zituen, bikaintasun eta lehiakortasunaren aitzakiatan.

Bestela erranda, lan-kostuak zuzenean murrizten dira, plantillatik beretik hasita, edo zeharka baina helmuga berdinera iristeko: atazen azpikontratazio etengabea. Hortaz, osagaiak eta zerbitzuak esleitzeko enkante batetik hurrengora lan-baldintzak okertuz eta murriztuz doaz. VWek baditu atazak aterata bere lantegitik beretik. Azpikontrata-olde horren xedea baldintza txarragoak eta kostu merkeagoak ezartzea da, lehenengo hornitzaileei, eta gero plantillei. Langile horiek, gainera, etengabeko mehatxu baten pean bizi behar dira: hurrengo enkantean VWek ataza hori beste enpresa bati esleitzea, prezioak are gehiago botatzen dituen beste enpresa bati, hitzarmen txarragoa eta plantilla urriagoa duen beste enpresa bati. Eta kate horretan ez dago amaitzerik. Ez zitzaion hori bera gertatu Sysmoko plantillari 2007. urte aldera?

Horrela, diru-etekin zuzena sortzen da multinazionalentzat, eta ez dabiltza ezbaian kutsadura-kontrolak berak ere faltsutu behar badituzte (horrek aditzera ematen digu noraino iristeko gauza diren); baina, horrez gain, bezero-sare bat ere sortzen da VWren goi-kargudunen inguruan, eta sistemari horrela atarramendu handiagoa ateratzen diote. Ez da inor ohartu zein senide-lotura estuak dauden VW Navarra-ko zuzendariaren eta Sesé edo Autovisión bezalako azpikontratetako zuzendarien artean? Horra hor automozioaren “corralito foral”a...

Bide batez, multinazionalak funtsezko helburu bat finkatzen du, batzuetan inor ohartu gabe gertatzen dena: langileak elkarrengandik bereiztea, baldintzak banaka ezartzea, eta plantillen arteko elkartasuna arian-arian apurtzea, sarritan elkarren berri ez jakiteagatik (beste enpresa hornitzaile batzuetako lankideen egoera nolakoa den inork gutxik daki). Eta horrela sartzen da prekarizazio eta isolamendu zurrunbilo batean, non kidego batzuk beste batzuk baino seguruago sentitzen diren, azpitik kontratazio-kate luzea dutelakoan. Eta lan-segurtasunaren gabezia horretan baten batek anpulu bat ikusten du, edozein unetan lehertu daitekeena.

Hori guztia hasi da aldatzen, ez borroka orain hasi delako, lehen emaitzak ematen hasi delako baizik, Logitersko grebaren ondoan, abenduaren 4an VWko katea geldiarazi eta guzti egin zuenaren ondoan. Orain inoiz baino hurbilago ditugu plantillaren subrogazioa (Sesek irabazi du VWren enkantea, eta Logiters kanpo utzi du), eta orain arte zeuden soldaten eta baldintzen finkapena. Hori egin ahal izan da bakarrik ELAk subrogazioa gatazkaren erdigunean jarri duen tokietan; eta horretarako, zoritxarrez, beharrezkoa da UGTk eta CCOOek gehiengorik ez batzea, VW ek betidanik bultzatu izan duen gehiengoa, “just in time”en puntu ahula hausteraino inoiz ez heltzeko: hornitzaile baten grebagatik katea bertan geldirik geratzea.

ELA-Logiters eta ELA-VW Navarra atal sindikalen arteko koordinazioak eta plantilla bien arteko elkartasunak betirako zirudien sistema hori astindu dute. Orain ea adibide eredugarri hori zabaltzen den, eta ildo horretatik subrogazioaren eskakizuna Nafarroako Metalgintzaren Hitzarmenean jasotzen den (ELAk eskatu izan duena, nahiz eta UGTk eta CCOOek dagoeneko sinatu duten aurre-akordioan horrelakorik jaso ez), eta ea plantillen arteko elkartasuna ere zabaltzen den. Dena dela, “just in time”i kolpe handiagoa eman ahal zaio, baldin eta Nafarroako Parlamentuak onetsitako subrogazioa, sektore publikoan ez ezik (non ELAk aurkezturiko LHEaz bermaturik dagoen), sektore pribatura ere hedatzen badu.

Puntu honetara iritsita, zer abantaila lortuko luke azpikontrataziotik VWek edo beste edozein enpresak? Ezin badituzte plantillak murriztu hornitzaileak estutuz─, ezin badute plantilla azpikontratatuen soldata jaitsi, ezta atazak eskaintzailerik onenari edo begiramen gutxien duen eskaintzaileari esleitzeko betiko xantaia egin ere... Bikaintasun eta lehiakortasunaren giltza berrikuntza teknologikoan, produktuaren hobekuntzan, merkatu berriak bilatzean…egonen da, eta gaur arte negozioaren muinean egon dena: baldintzak prekarizatzea eta plantillak esklabizatzea, iraganaren ameskaizto bezala gibelean utzi behar dugu.

Jokin Arbea Polite (ELA-Industriako arduraduna) NAN: 15843462G

Alfredo Gradín San Martín (ELA-Logitersko ordezkaria) NAN: 33446023V

Igor Peñalver Primo (ELA-Volkswagengo ordezkaria) NAN: 44617710X