Zaintzaileak prekario bizi; zainduak prekario biziraun; gizarteak ezin iraun

2019/07/04
Aitziber Aramberri Aristi - Gipuzkoako zahar-egoitzetako langilea
Aitziber Aramberri Aristi dut izena, Gipuzkoako zahar-egoitzetako langileetako bat naiz, 5.000 emakumez osaturiko kolektibo handi baten parte eta 6.000 egoiliarreri zaintza duina eskaini nahi dien grebalarietako bat. ELAko ordezkaria naiz eta greban nago irailaren 28tik.

Zugana zuzentzen naiz gure borrokaren nondik-norakoak azaltzeko eta uztailaren 4tik 6ra Gipuzkoan egingo dugun kanpaldiari begira zure elkartasuna eskatzeko.

Errealitatea gordina bizi dugu erresidentzia eta eguneko zentroetan. Iratzargailuak jo orduko 15 minutu baino ez ditugu adinekoak esnatu, altxatu, dutxatu, jantzi eta gosaltzera eramateko. Goiza okertzen ez bada, dutxa hartzeko ura berotzen dugun bitartean galdetzen diegu gaua nola pasatu duten. Badakigu egun osoan ez dugula eurekin hitz egiteko beste tarterik izango. Gosaltzera eraman behar ditugu ahalik eta arinen. Hala ezarrita dago.

Ahateak balira bezala elikatzera behartzen gaituzte, animaliak hezteko granja batean bagina bezala, erlojuak ez du barkatzen; 12etarako egongelan egon behar dute senideen bisitarako. Eskaparateak prest egon behar du, prekario akaso, baina lirain.

Kasurik onenean bi ordura ez da heltzen egunean erabiltzaileekin pasatzen dugun denbora. Gainontzean, egonean, landareak balira bezala. Zaharren parkina bilakatu dira erresidentziak, enbarazu egiten dutenen egongela. Hala daude adinekoak erresidentzia askotan: egonean, norbait ondoan eseri eta eskutik noiz helduko zain. Sektore honetan prekarietatearen gatibu dira langile eta erabiltzaile, zaintzaileen prekarietatea zainduarena ere badelako; bata prekario bizi denean, besteak prekario biziraun behar.

Gauak bereziki gogorrak dira, bi langile baino ez zaude erresidentzia askotan 100 erabiltzale baino gehiago atenditzeko! Bost solairutan goitik behera ibiltzen dira asko, zoroen pare.

SOLDATA ARRAKALA; GENERO AMILDEGIA

Korronteak eraman omen ditu Martxoaren 8ko uholdean berdintasunaren alde arduradun politikoek egindako adierazpenak. Itolarrian bizi dira erresidentzietako behargin asko, langile eta pobre izateraino. Langile askok 20 urte daramate lanean eta 800 euroko soldata jasotzen dute.

Soldata arrakala amildegi bilakatu da. Pribatizatutako sektoretan lan egiten duten gizonekin alderatuta, %30ko aldea dago soldatetan, hau da, 6.000 euro gutxiago urtean. Garesti atera zaigu emakume izatea.

Azalpen erraza du honek: zaintza ez dute lana kontsideratzen, zerbait ekoitziko bagenu, torlojuak egingo bagenitu, adibidez, beste kontu bat izango zen, baina, guk garbitu besterik ez dugu egiten, ipurdi garbitzaileak baino ez gara, patronalak Bizkaiko grebalariei esan zieten bezala. Ez dituzte langileak ikusten, emakumeak ikusten dituzte. Eta historikoki emakumeek etxe barruan egindako zaintza lana merkatu arautura atera denean, prekaritatearen baldintza guztiekin atera da: behin-behinekotasuna, lanaldi partzialak eta karga fisiko eta emozional altua. Planto egitea erabaki dugunean, kontrako eztarritik joan zaie, eta zigor soziala dator: errudun sentiarazten gaituzte, beste behin, xantaia emozionala eginez.

Baina guk oso argi daukagu langileak garela, ez dugula zaintzen debalde maitasunaren izenean; maitasunez bai, maitasunagatik ez. Profesionalak gara eta hau gure lanbidea da. Modu duinean lan egiteko eskubidea dugu; zainduak duintasunez zaindua izateko eskubidea duen bezala.

ZAINTZA ZERBITZU PUBLIKOA?

Ironikoa da, ez dute gure lana baloratzen baina aberastu egiten dira guri esker. Administrazio Publikoak azpikontratatutako enpresetan egiten dugu lan (%70an dauka azpikontratatuta). Publikoa izan beharko lukeen zerbitzua enpresa pribatuen esku uzten dute, behargin zein erabiltzaileak bizi baldintza prekarioetara kondenatuz. Lehen adreiluaren negozioa zena orain zaintzaren negozioa bilakatu da. Erresidentzia publikoak desagertzen ari dira, sistema publikoa lehertzeko modu bat da.

ZAINTZAILEAK PREKARIO BIZI; ZAINDUAK PREKARIO BIZIRAUN

Bizitza da lehena; jar dezagun bizitza erdigunean... Denon ahotan dabiltzan leloak dira hauek, baina bizitzari lehentasuna eman nahi badiogu, ezinbestean zaintza duina bermatu beharra dago, ez baitago bizitzarik zaintzarik gabe.

Egin ditzagun ikusgai bizitza posible egiten duten zaintza lan guztiak: musu-truk egiten direnak, eta soldata miserableen truke gauzatzen direnak. Jarri diezaiegun izena zaintzaileei: Soraya, Itziar, Kati, Ana, Begoña... Izendatu ditzagun zainduak ere: Amaia, Karmen, Juan... Erresidentzia eta eguneko zentroetan, adibidez, zerrenda luzea dago. Zaintzailearen prekaritatea zainduarena ere badelako, euren istorioa da hau, baita zure amarena ere, eta zure aitarena, ahizparena, zurea.... pertsona guztiena. Izan ere, gaur gurea da greba, baina bihar denona izango da garaipena, zaintza duinerako eskubidea kolektiboa baita.