Zein da Jaurlaritzaren he(i)zkuntza-eredu proposamena?

2022/02/01
Bakarne Odriozola / Jon Joseba Agirre
Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak honela erantzun zuen hezkuntza ereduez galdetuta EL Correo egunkarian: ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza egitasmoa zehaztu beharko omen du “errealitate bakoitzari jarraiki”, D eredua bera ere ezin baita berdina izan Tolosan eta Barakaldon… Gizarte ekosistema bakoitzari egokitu behar zaio curriculuma, dioenez. Bildarratzek, beraz, Hezkuntza Sailak berak emandako euskalduntze datu kaxkarrak alboratu, eta ukatu du D ereduan bertan ikasleak euskalduntzeko zailtasunak daudela. 
Era berean, ez du hitzik esan segregazioari edo euskararen jabekuntza prozesuari buruz.

Eskolak bakarrik ezin du euskaldundu. Jaurlaritzaren eta gertuko erakundeen laguntza eta inplikazioa ezinbestekoak ditu. Ikasleek bospasei ordu ematen dituzte ikastetxean egunero, baina ordu horiek eta gehiago ematen dituzte era guztietako pantailen aurrean erdarazko edukiak irentsi eta jan. Erdaraz etengabe elikatze horrek ondorio zuzena, gero eta nabariagoa du ikasleon hizkuntza gaitasunean, gaztelerazkoa areagotuz eta euskarazkoa urrituz.
Jaurlaritzak eta Hezkuntza sailak aurre egin behar diote errealitate horri, eskolaren eta bestelako eragileon ahaleginak emaitza egokiak emango baditu. Eskola ez da uharte isolatu bat. Pantailak euskaraz behar ditugu, besteak beste, eta horretan Jaurlaritzak zeresan handia dauka. Baita Hezkuntza sailak berak ere.

Jaurlaritzari ematen zaio ikasleek bi hizkuntza ofizialak benetan menperatzera bideratutako neurriak hartzeko eta ikasketa-planen egokitzapena gauzatzeko ardura: “Jaurlaritzak ikastetxe bakoitzean irakatsi beharreko hizkuntza-ereduak finkatuko ditu, guraso-kuradoreen nahia eta tokian tokiko egoera soziolinguistikoa kontutan” (Euskararen Legearen 16.2 artikulua). Eta 17. artikuluan: “Jaurlaritzak, derrigorrezko ikastaldia bukatzerakoan ikasleek, aukera berdinetan, bi hizkuntza ofizialak benetan erabiltzeko adina menperatuko dituztela ziurtatzera bideratutako neurri guztiak hartuko ditu; halaber, euskal giroa ziurtatuko du, euskara [ikastetxeetako] barne- nahiz kanpo-jardueretan eta administrazio-ekintza eta -dokumentuetan ohiko tresna bihurtuz”. 
“Barakaldon eta Tolosan” derrigorrezko ikastaldia bukatutakoan ikasle guztiek euskara benetan menperatuko badute (gaztelerazko gaitasuna bermatuta dago bietan ala bietan), jakin nahi dugu Jaurlaritzak zein naurri hartuko dituen Barakaldoko ikastetxeetan oro har, eta Tolosan ikasle jatorriz erdaldun gehien hartzen dituzten ikastetxeetan, horietan baliabide eta tresna gehiago jarri beharko baitira irakasleen eta familien esku, euskara behar bezala eta lehen bai lehen ikas dezaten, ikasprozesu orokorrari era egokian aurre egin ahal izateko, eta euskara menperatzea oso lagungarri izango zaielako ikasle eta familia askori segregazioari aurre egiteko garaian ere, besteak beste.

Ikastetxeen autonomia eta ahalduntzea ezin ditu erabili Jaurlaritzak aitzakia gisa bere ardurez beste egiteko. Ikasle guztiek euskara menperatu behar dute derrigorrezko eskolatzea bukatutakoan, gaztelera (bai ala bai) menperatuko duten maila bertsuan, Gainera ingelesez maila egokia eskuratu beharko dute. Hori guztia ezin du eskolak bakarrik egin, zein “ahaldun” den ere.. Jaurlaritzaren gidaritza eta batez ere laguntza, ezinbestekoak dira. Areago ikasleek beharrizan handienak dituzten ikastetxeetan: hitz eder gutxiago eta baliabide gehiago, irakasleen egonkortasuna (funtsezkoa), edota ikasleen (eta irakasleen) euskarazko prestakuntza indartzea ezinbesteko neurriak dira.
Zer egingo du zehatz-mehatz Jaurlaritzak? Zein da Jaurlaritzaren plana? Planik badauka?

ELA, Hezkuntza komunitatearen gehiengo zabalarekin batera, murgiltze ereduaren alde ari da, bi hizkuntzen ezagutza egokia ahalbideratzen duen bakarra baita, bai Tolosan bai Barakaldon. Podemos eta Bildarratzen hitzetatik uler daiteke, Nafarroan porrot egin duen hiru irakaskuntza-hizkuntza dituen eredua (PAI izenekoa) ontzat emango luketela, ondoren eskola bakoitzak bere autonomiatik hizkuntza bakoitzaren pisua erabaki dezan.

ELAren eta Hezkuntza komunitatearen gehiengo zabalaren ondorioen arabera, euskara zein gaztelera behar bezala ikasteko aukera bakarra euskarazko murgiltze eredua da ordea; horregatik eredu horretan oinarritu behar da hezkuntza lege berria. Honek, behar handiagoak izango dituzten eremuetan baliabide gehigarriak ezartzea ekarri beharko luke, EAEko herri guztietan euskara egoki ikasteko aukera bermatuko bada. Guk eskolen autonomian sinisten dugu, baina autonomia horrekin batera, gizarte moduan gutxieneko kohesio elementu batzuk bermatuta behar dute, besteak beste euskararen eta gaztelaniaren behar bezalako ezagutzea.

Ados gaude Sailburuarekin euskararekin gatazkarik egin behar ez dela dionean, baina hizkuntza bakearen ordaina ezin da izan hurrengo 30 urteetan eskoletatik euskararen ezagutza nahikorik ez duten gazteak ateratzea.