Zer da aldaketa politiko eta soziala?

2014/12/16
Litekeena da Nafarroan aldaketa politiko baten atetan egotea. Hainbat inkestak diotenez, UPN-PP-PSN blokeak hogeita hamar urtean lehenengoz zaila izango du “erregimen” hau mantentzeko gehiengoari eustea.

Alderdiok merezita irabazi dute daukaten fama txarra, maiz dirua xahutu dutelako, osasungintzan eta hezkuntzan egindako murrizketak ezartzeagatik, eta CANen izandako harrapaketa medio; azken honetan ustelkeria eta klientelismoa arau izan dira.

Haatik, “erregimena” ez dira soilik alderdi horiek. Errealitate konplexuagoa da, botere handiagoa duena: patronalak, enpresak, hedabideak, sindikatuak eta erakunde erlijiosoak daude tartean. Horregatik, aldaketaz ari garenean ez da aski boterean dauden siglak “ordezkatzea”, hau oso beharrezko eta premiazkoa izan arren. UPN gobernutik kentzeak ez du berez aldaketa bermatzen. Botere-sistema sendo hau desegitekotan, zeina pribilegiorik galdu nahi ez duten eliteek sustengatzen duten, gaur sumatu ere egiten ez dugun tamainako bultzada politiko eta babes soziala behar izango da.

ALDAKETA ZER DEN ZEHAZTU BEHARRA

Hainbat erakunde eta taldek aipatzen dugu aldaketa politiko eta soziala. Topiko bat dirudi, baina ez dut uste guztiok gauza bera esan nahi dugunik. Gure militantzia sindikala abiapuntu dela, gizarte antolatu ere bagaren aldetik, harrigarria deritzogu aldaketa defenditzen duten alderdi politikoen (EH Bildu, Geroa Bai, I-E) zehaztasun programatiko eza hainbat funtsezko gaitan, esaterako fiskalitatea, aurrekontuak edo ustezko “elkarrizketa soziala”.

Duela gutxi izan da erreforma fiskalari buruzko eztabaida. Etsigarria gertatu da. Oinarrizko gai batean oposizioko alderdiek ez dute funtsezko alternatibarik aurkeztu, ez orain arte ezagutu denarekiko benetan desberdina den deus plazaratu ere. Horrela ez dago aldaketa egiterik. Etsigarria izan da, eta argigarria. Zoritxarrez, EAEn ere, non alderdi hauetako batzuk agintzen duten, zerga-politikaren kudeaketan antzekorik gertatu izan da. Ez alternatibarik, ez pedagogia edota parte hartze sozialik ere. Horrela ez dago aldaketarik.

ELAren iritziz, aldarrikatzen den aldaketa sozial eta politikoak nekez eraldatuko du errealitatea gutxiengo programatiko batzuk finkatzeko gauza ez bagara; minimo hauek agerian utzi beharko lukete indarrean den erregimenaren eta haizatzen den alternatibaren artean dagoen desberdintasuna.

Aldaketa politiko eta soziala esaten diogun hori ez da soilik erakundeetan agintzea. Askoz gehiago da. Aldaketarako proposamenak nafarren gehiengoak ikusi eta bereganatu behar ditu, murrizketak, gero eta handiagoa den desberdintasuna, klientelismoa eta ustelkeria arbuiatzen duen gehiengoak alegia.

BATASUNERAKO DEIAK EZ DU ALDAKETA DESITXURATU BEHAR

Aldaketaren aipamenarekin batera beste kontu batzuk lotu ohi dituzte batzuk: esku zabal izatea, helburu handiago baten mesedetan amore ematea, transbertsaltasuna... hots, erreibindikazioen koherentzia ahuldu eta batasuna lehenestea. Aitzitik, ez al litzateke logikoa izango ausardia, programa eta koherentzia politikoa eskatzea? Badakigu ahalik jende gehien bildu behar dela hautestontzietan lortu nahi den iraulia gauzatzeko; baina “zabalkunde” operazio horrek azkenean aldaketaren aldeko hautua ezagutu ezineko zerbait bihur dezake. Ez soilik batasunaren mesedetan saihestu egiten delako zenbait eragile politiko, patronal zein sindikalek iraganean egin dutena; are arriskutsuagoa izan liteke geure burua engainatzea, Nafarroaren orainean eta etorkizunean bakoitza nor den ahaztea.

Gure esperientzia sindikalak erakutsi digu UGTk eta CCOOek, CENekin batera, sistema “ilun” bat osatu dutela –Kontuen Ganberak behin eta berriz esan izan du– eta oraindik “erregimena” mantentzeko interesa dutela. Gogoratu, bestela, gobernua osatzeko UPN-PP-PSN hirukoaren alde egin zituzten adierazpenak edota, duela zenbait aste PSNri egindako eskaria, UPNren aurrekontuak babes zitzan. 500dik gora milioi euro kudeatzeko aukera ematea eta Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua sortu izana oso erabaki nabarmenak dira. Erregimenak soilik bere lagunak erreskatatzen ditu. Sinetsarazi nahi izatea indar hauek aldaketa politiko batean parte hartze aktiboa izango dutela inozokeria da, edota zintzoa ez den ariketa politikoa. Nork azalduko die kontu hau sindikatu horietakoak ez zirelako kaleratu dituzten langileei? Horregatik esaten dugu aldaketa ez dela soilik hautestontzietan gertatzen; pedagogia eta diagnostiko politikoaren aldetik bide luzea egin behar da lehenik, eta hori ez da egiten ari.

MOBILIZAZIOA, EZINBESTEKOA

Edozein dela ere eratzen den gobernuaren kolore politikoa, aurrerantzean mobilizazio soziala ezinbestekoa izango da. Herritarrek oro har eta langile-klaseak, zehatzago, erreferentzia kolektiboak behar dituzte lortu nahi duten aldaketa sozial eta politikoarekin bat egiteko.

Larunbat honetarako Iruñean mobilizazio bat deituta dago, eta bere goiburua “Guztiok batera aldaketa politiko eta sozialaren alde” izango da. Manifestazio honetan parte ez hartzeko erabakiarekin ELAk agerian utzi nahi du proposamenak eta programak zehaztea behar-beharrezkoa dela. Hain zuzen, mobilizazio horrek artikulu honetan aipatutako gabeziak ditu, eta hauei ekin egin behar zaie.

Alegia, batasunerako deiak ez du errealitate kezkagarri bat ezkutatu behar: aldaketa hori gidatzera deituta dauden alderdi politikoek ez dute programa zehatzik plazaratu. Bestalde, mobilizazioan onartzea egunero aldaketaren aurkako jarrera agertzen duten erakundeak (CCOO eta UGT) ez da behar den koherentzia agertzeko modua.

Murrizketak eta ustelkeria salatzeko mobilizazioak ezinbestekoak izan dira une honetara iristeko. Erreferentzia horiek, aktibo sindikal, sozial eta politiko hori, ezin dira galdu zehaztasunik gabeko batasun baten aldarrikapenean.

Mitxel Lakuntza

ELAren koordinatzailea Nafarroan