Zer gertatzen da Gipuzkoako zaharren egoitzetan?
Gogoratu beharra dago sektoreko lan-hitzarmena aspaldi dagoela blokeaturik, gutxienez bilera eta eskeintza ofizialik ez dago, ADEGIK, Foru Aldundiaren eskutik, gehiago ez biltzeko erabakia hartu zuenetik.
Sektoreko langileen aldarrikapen nagusiak hauek dira: subrogazioa bermatu (hau da, langileek beraien lanpostua eta baldintzak mantendu ditzatela, azpikontrataturiko enpresa aldatzen bada ere), zerbitzua azpikontratatzen duen administrazioko langileen lan baldintzekin homologazioa (Udaletxea, Foru Aldundia...), lana eta familia uztartzea ahalbidetuko dien lan egutegien inguruko aldarrikapenarekin batera.
Administrazioak, Udalek zein Foru Aldundiak, zerbitzu publikoak pribatizatzeko hartutako erabakiaren ondorioen aurrean gaude, arlo publikoaren gestio pribatuak dakartzan ondorien aurrean, hain zuzen ere. Gure agintariek zerbitzu sozialetaz hitz egiterakoan gauza asko esaten dituzte, kasu honetan adineko pertsonen inguruan, baina prentsaurrekoa bukatu bezain laster “marroia” gainetik kentzen dute askoetan beraien lagunek kudeaturiko enpresa pribatuei zerbitzua esleituz.
Zerbitzu publikoen pribatizazioak bi ondorio dakartza: batetik lan baldintzen prekarizazioa eta bestetik zerbitzuaren kalitate eskaxagoa. Baina Foru Aldundia eta Udalei hau ez zaie batere axola. Zergatik egoitza berdinean, adineko pertsona berdinekin lan berdina egiten ari den azpikontrata bateko langile batek administrazioak , Udala zein Foru Aldundia, zuzenean kontrataturiko beste langile batek baino 10.800 euro gutxiago eta 80 ordu gehiago lan egin behar ditu? Zergatik azpikontrataturiko langile batek ez du lanpostuan egonkortasunik? Zergatik egon behar du langilea, administrazioak, Udalak zein Foru Aldundiak, zerbitzua zein enpresari esleituko dion begira? Zergatik Administrazioek, Udalak zein Foru Aldundiak, diru guztia jartzen badute- familiak jartzen dutenaz aparte (ez lukete ezer jarri behar)- ez dute zerbitzua zuzenean kudeatzen beraien lagunei negozioa bermatu ordez?
Beste behin ere alderdi politiko guztiei dei publikoa egin nahi diegu lerro hauen bidez, batez ere erresidentzietan gobernu ardurak dituztenei. Bada ordua arazoa sustraietatik heltzeko. Nahikoa da ilargiari zaunkaka aritzeaz, utzi aitzakiak eta aurkitu konponbidea. Gai honi dagokionez, gaur egun ia ez dago diferentziarik alderdi ezberdinen artean. Hitz ugari eta ekintza gutxi, EA, EAJ, PSE zein ANV, sigla sopa xelebrea ezta? Honetan bat ez baldin badatoz itxura hori ematen dute...
Dagoeneko Errenteriako udalean , egoitzako langileen ekiparazioa adostu eta martxan dago; beste udal batean ere ekiparaziorako eskaintza egon da. Beraz, zergatik Errenterian posible dena ez da posible gainontzeko administrazioetan?
Administrazioek beraiek sorturiko arazoa konpontzeko ordua badela uste dugu, administrazioek, Udal zein Foru Aldundiek, jakin badakite arazo honen mamia ezin daitekeela enpresa eta langileen artean soilik konpondu. Utzi aitzakiak eta heldu zuen ardurei. Pribatizazio basatiaren ondorioak hauek dira, beraz konponbidea ere zeuen ardura da. Arrazoia dugu eta gainera bidezkoa da.
Ioseba Villarreal. ELAko Negoziazio Kolektiboko arduraduna.