Zergatik ez dute egia esaten?
Hori ikusirik, EAEn LABek, CCOOek eta UGTk birritan uste izan zuten Confebaskekin Lanbidearteko Akordio bat lortuko zutela. Ez dirudi hala izan denik. Bestalde, LABek ere porrot egin zuen Akordio marko sektorialak ixteko saioan. Ez dute azaldu zer gehiago eskatu zien patronalak, lanbidearteko akordioa ezinezko egiteko punturaino. Fidatuta zeuden patronalarekin, baina honek bere esku dauden esparruetan akordioak blokeatu egiten ditu, bai baitaki legeak asko eman diola eta are gehiago emango diola etorkizunean.
Sektoreko hitzarmenei dagokienez LAB, CCOO eta UGT bat datoz. “Minimo sektorial” batzuk bermatu nahi dituztela diote, eta ezkutatu egiten dute erreforma ezarri zenetik hori ezinezkoa dela. Sektorea ez da aurrerantzean gutxieneko bermea izango.
LABek, CCOOek eta UGTk zergatik ez diote enpresetako negoziazioari heldu nahi, badakiten arren patronalak sektoreak blokeatzen dituela eta hitzarmen sektorialak ez direla bete beharreko gutxienekoa? Jakinagatik ez dela egia, zergatik esaten dute lantokietan erreformatik babesteko gauza bera dela ituna ala hitzarmena izatea?
CCOOek eta UGTk are argiago hitz egiten dute. Sektoreak bere horretan itxi nahi dituzte. Horixe egiten dute, izan ere, nagusi diren esparruetan: soldaten jaitsiera eta erreforma ontzat ematen dituzte. Hego Euskal Herrirako euren helburua, berriz, Madrilen CEOErekin sinatu zuten Negoziazio Kolektiboko Akordioa (ANC) aplikatzea da. Akordio hark soldata igoerei muga jartzen zien, “%0,6rainokoa”, eta gainera CEOEk iragarri du ez duela betetzeko asmorik. CCOOek eta UGTk, Zapateroren erreforma ezarri zenetik, negoziazio kolektiboa zentralizatzea erabaki zuten, Euskal Herrian sektoreak husteko asmoz. Areago, CCOOek esan du “ultraaktibitateaz baliatu behar gara negoziazio kolektiboko mapa ideal baten eraikuntzan aurrera egiteko”, estatu mailako esparru sektorialak indartzeko. Patronala ultraaktibitateaz baliatzen da soldatak jaisteko, eta CCOO, berriz, espainiar markoa sendotzeko. Aliatu bitxiak topatu ditu LABek Lan Harremanetako eta Gizarte-Babeseko Euskal Esparrua gauzatzeko.
Lanak ematen ditu ulertzeak zergatik ukatzen den -beste indar-erlazio bat oinarritzat hartuta- enpresa esparruko hitzarmenen negoziazioari ekiteko aukera, hori bailitzateke sektoreetan patronalak ezartzen duen blokeoa gainditzeko modua.
Halere, zailtasunak gorabehera, egoera guztia ez da hain iluna. Dagoeneko ehundik gora enpresa-hitzarmen sinatu da erreforma saihesteko klausulekin. Ehun horien artean badira ETEak ere. Negoziatzeko aukera badago, jendea antolatuz gero. Ez dago beste ezkutuko errezetarik. Gipuzkoan ADEGIk blokeatuta zeukan Egoitzen hitzarmena. Ez zuen erreformaren aurkako puntu bat ere jasotzerik nahi, Aldundia balizko akordio bat finantzatzeko dirua jartzeko prest agertu arren. Blokeo hau ikusita, ELAk enpresaz enpresa joatea erabaki zuen; gaur enpresa-hitzarmena sinatuta duen sektoreko langileen kopurua %80tik gora dago, eta gehienbat emakumeak dira. Beste adibide bat: ELAk oso ongi irizten die Euskal Dendak merkatarien elkarteak akordio baterako proposatu dituen edukiei (elkarteak ez dauka oraingoz negoziatzeko ahalmen formalik, mahaiak osatu eta gero sortu zelako). Baina kontu juridikoaz harago, eskaintza horrek erakusten du hitzarmenak beste parametro batzutan negozia daitezkeela, ez soilik Confebaskeko kide diren patronalen erara. ELA lanean ari da eduki horiek merkataritzako gero eta langile gehiagori aplika diezaizkioten.