Zergatiak ezkutatu, bere horretan jarraitzeko
Politikak ez du duintasunera itzuli nahi, pribilegiatuen kaltetan bada bederen. Horregatik ezkutatzen dituzte setaz krisiaren zergatiak. Arrazoiak zeintzu izan diren saihestu eta propagandarekin estaltzeko aukera emanez gero, atea irekita utziko genieke, orain arteko bidean jarraitzeko.
Zer gertatu da? Botere ekonomikoak lortu zuen botere politikoa bere zerbitzura jartzea, batik bat espekulazioak bultzatako ekonomia bideratzeko. Halaxe etorri ziren erreformak: Kapitala metatzeko, desarautzea gauzatzeko eta ia merkatu guztietan espekulatzeko bidea urratzen zuten erreformak; ondorioa, aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa. Esaten ziguten etekin pribatuak zirela biharko inbertsio produktiboa eta etziko lanpostuak ereiteko modua. Gezurra. Sindikatu batzuk salatu genuen irabazi horiek espekulatiboak zirela, baina entzungor egin ziguten. Izan ere, gobernuek botere ekonomikoen luzapen gisa bailiran jokatu baitute.
Hipokresia nabarmena da. Krisiari zuku gehien atera diotenetako batek etikako eskolak eman nahi dizkigu. Francisco Gonzalez BBVAko presidenteak Financial Times egunkarian zioenez, “krisiaren bi zergati nagusietakoak erregulazio eskasa eta bankari askoren diru-gosea izan dira” (sic). Ezustean harrapatuz gero, honelako pertsonajeek diskurtsoa ere ostuko digute. Eurek sortutako sistemak lotsa arazteko irabaziak ziurtatzen zituen, baina beren hedabideek jende ohoragarri gisa aurkezten dute.
LAN MUNDUKO POLITIKA: Etekinak ugaltzeko kolokako enplegua eta soldata apalak ezarri zituzten, enpresek horrela “lehiakorrago” omen zirelako. Hau ere gezurra. Enpresaburuak irabazten zuen. Badakigu “eredu” horren porrota ez dutela aitortuko. Bereari eusten diote. Patronala eta bere interesak defenditzerakoan aitzindari direnek (PP, CiU, EAJ...) Madrilen beste lan-erreforma bat egitea eskatzen dute, “aldi baterako eta behin betiko kontratuen arteko dualtasuna” amai dadin. Dakiten era bakarrean egingo lukete, guztiok prekarietate maila berera makurtuz. Aldi baterako enplegua murrizteko argudioari tiraka, Lan-Zuzenbidea erabat antzaldatu dute; helburua beti bera izan da, enpresaburuen boterea handitzea. Eta horrela jarraitu nahi dute.
Enpresarien aldeko legeekin etekin errazak etorri ziren; ugazabak eskeko bihurtu zitzaizkigun, hurrengo diru-laguntza nondik aterako ote zuten lehian. “Sistema” horren irtenbidea, gobernuek onartu zutena, Ese beti izan da enpresentzako prekarietatea areagotu eta diru-laguntzak gehitzea. Eta eredu honen ondorioak ez dira makalak: enpresa askok ikerkuntza, garapena eta berrikuntzan (I+G+B) duten gabezia, historikoa eta iraunkorra, industriaren pisu gutxitua, atzerriko teknologiarekiko menpekotasuna... Zertarako inbertitu, espekulazio bidez dirua hain erraz irabaz bazitekeen? Ugazabek nazioarteko lehian abantaila handi bat izan dute, prekarietatea; baina horrek ere akuilurik eza esan nahi zuen. Inoiz baino etekin handiagoak lortu zituzten, eta inbertsio produktibora bideratu ordez espekulazio-merkatuetan sartu zituzten. Jan Kregel finantza eta garapenei buruz mundu mailan da ezaguna, eta duela gutxi emandako elkarrizketa batean argi esan du: “Historian inoiz ez da gertatu lan-merkatuan malgutasuna gehituta langabezia gutxitu denik”. Berdin dio. Hau ez da arazo zientifiko bat, interesen talka baizik. Klase politikoak ez du horrelako iritzirik aintzat hartuko, bere erabakiak patronalaren esanetara hartzen baititu.
ZERGA-POLITIKA: Antzeko zerbait gertatzen da zerga-politikarekin. Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa aberatsei dirua emateko baliatu dira. Diru-sarrera handienen gaineko tipoak murriztu, zergak kendu (ondarearen gainekoa), paradisu fiskalen antza duten figura ia ezezagunak sortu (SICAV), kapital-errententzako progresibitatea ezabatzea, iruzurra onartzea... Arau fiskalak egiteko ahalmena nekez erabil zitekeen era antisozialagoan. Datu batek argi uzten du hori: berton daukagun presio fiskala EBko batezbestekoaren parekoa balitz gure ogasunek 5.300 milioi € gehiago bildu ahal izango zituzketen (Eusko Jaurlaritzaren 2009ko aurrekontuak 10.500 milioi inguru izan dira). Beharrizan sozialetarako ezinbesteko kopurua.
Patronalak esaten du kapitalaren gaineko zergak gehitzeak lehiatzeko gaitasunaren kaltetan litzatekeela. Ez da egia. Behar bada, aspaldian zergarik ez ordaintzea erabaki zutenen poltsikoak arinduko lituzke. Argudio hori egia balitz, enpresek honez gero alde egingo zuten Suedia, Danimarka, Norvegia, Alemania edo Frantziatik. Baina ez da horrelakorik gertatu. Zerga-presioa zorrotzagoa den tokietan handiagoa da gizarte-gastua, baita sektore publikoak ekonomian duen itzala ere. Hain zuzen, oraintxe esku-hartze publiko askoz indartsuagoa eskertzekoa litzateke gurean.
ONDORIOAK: Politikak bere ardura ez du aintzat hartzen; ihes egiten dio. Esaldi bera behin eta berriz esaten dute, kezkatuta eta ekiteko prest baleude bezala. Baina hamaika bider entzuten den esaldi hori hutsa dago: “Sistema produktiboa aldatu egin behar da”. Ez. Bere horretan jarraitu nahi dute. Botere politikoa interes ekonomikoen morroi da, ez ditu bere pribilegioak zalantzan jarriko. Beharrezkoa balitz, zerga-politikan gertatzen den bezala, erabakiak ezkutuan hartzen dira, gizarteari berri eman gabe (are gutxiago berari parte hartzen utzita). Lehenago esan dut: krisia politikoa da; irtenbideak ere bai.
Enplegua suntsitzen jarraituko dute; soldatei egotziko diete errua, eta erreforma gehiago ezarri nahi izango dute. Oraintxe bertan hasita, gobernuek gizarte-gastua murriztuko dute banketxeei emandako laguntzek eragindako defizit publikoa kitatzeko. Horretarako baliatuko dute nagusi den informazio eta eztabaida gabezia, eta iritzi publikoaren manipulazioa. Ez daukate eztabaidatzeko inongo gogorik. Gizarte motela, geldoa nahi dute; guk, berriz, jendarte engaiatua, informatua eta solidarioa behar dugu.
Gobernu eta patronalei helburu horietarako babesik ematen ez dien sindikalismoak lan itzela dauka egiteko. Ahalegina egin behar du alternatibak proposatu eta plazaratzeko, eta bere indarrak mobilizatzeko. Bere arrazoiak azaldu behar ditu, pisu handikoak baitira. Bere militanteak antolatu behar ditu proposamenak irits daitezen, gizartean eztabaidatu eta gero errotzeko modua izan dezaten, langile-klasetik hasita. Hori izango da indarran dauden politikak aldarazteko bidea. Berrindartu beharra daukagu arlo guztietan, kulturakoa, soziala eta politikoa. Euskal gehiengo sindikalaren kanpainak helburu horiek ditu: militantzia sindikalak gure gizartean dagokion lekua hartzea. Inori baimenik eskatu gabe.
Adolfo Muñoz "Txiki"
ELAko Idazkari Nagusia