kutxabank

Zergatik ez dute Kutxabank burtsara atera?

2023/05/09
Mikel Noval eta Janire Landaluze, ELAren Azterketa Bulegoa
Kutxabank Burtsara ateratzeko erabakia geldiarazteak ez du esan nahi bere funtzionamendua egokia izan denik. Kutxabank, fundazio batzuen esku dagoena, banku publikoa bihurtu behar da, eta kontrol sozialaren menpe jarri. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da kalean eztabaida piztea eta bideratzea.

BBK Fundazioak, Kutxabankeko akzio gehienen titularrak, apirilean jakinarazi du saihestu duela bankua Burtsara atera behar izatea.

Xabier Sagredok iragarri zuen hori, BBK Fundazioaren lehendakariak (EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidente izateari utzi zion kargu hori hartzeko). Zehazki, Sagredok azaldu zuen lortu zutela 2008ko finantza krisia zela eta ezarritako Bankuen Legeak eskatutako funtsa osatzea, 231 miloi eurokoa; ezinbestekoa zen Burtsan ez kotizatzeko. Sagredok bere egin nahi du Burtsara ez ateratzearen erabakia. Baina jendartearen presioari esker lortu da hori (ELAk ere zer esana izan zuen horretan).

2011ko ekainean BBK, Kutxa eta Vital Kutxa aurrezki kutxetako administrazio kontseiluek akordioa sinatu zuten bat egin eta banku bihurtzeko. Horrela sortu zen Kutxabank. Kutxaren Batzar Nagusian, ordea, ez zeukaten beharrezko gehiengoa banku bihurtzearen aldekoek (BBKn eta Vitalen, aldiz, bai). Horregatik, 2011ko irailean Bilduk hitzartu zuen BBK eta Kutxako presidenteekin aldeko botoa emango zuela hiru kutxen finantza jarduera Kutxabanken esku jartzeko. Horrenbestez, Bildu ezinbesteko eragile bihurtu zen gure herriaren etorkizun ekonomiko eta sozialerako eragin larriak izango zituen operazioan.

ELAk hasieratik beste irtenbide baten alde egin zuen: Hego Euskal Herriko lau aurrezki kutxen bat egitea (aipatutako hirurak eta CAN, Caixabankek irentsi zuena). Gainera, sindikatuak nahi zuen sortzekoa zen erakundea aurrezki kutxa izaten jarraitzea, ez banku bat, egingarria eta legezkoa baitzen. Haatik, ELA izan zen kutxen batzarrean banku bihurtzearen aurkako botoa eman zuen sindikatu bakarra.

2011. urterako argi zegoen asmoa zein zen: Kutxabank kapital pribatuaren esku jarri nahi zuten. Mario Fernandez Kutxabankeko lehendakariak ziurtatu zuen pribatizazioa “saihestezina” zela: “Legeak derrigortu egiten gaitu; ezin diogu eskema boluntarista bati eutsi”. Urkullu lehendakariak, beste hainbatetan bezala, esan zuen “legea bete behar” zela, “errealismo” ariketa bat egin behar zela. Agerian geratu da, ordea, argudio horiek faltsuak zirela.

Ez zen erraza izan Kutxabank kapital pribatuaren esku jartzeko erabakiari aurre egitea. ELAk eta beste erakunde batzuek, Kutxabank Publikoa plataformaren bitartez, kontra egin eta lortu zuten pribatizatzeko prozesuaren aurkako jarrera nagusitzea jendartean. Horrela geldiarazi zen EAEko finantza erakunde garrantzitsuenaren burtsarako jauzia eta Mario Fernandezek kargua utzi behar izan zuen. Atzera egitera behartu genituen. Horregatik, lekuz kanpo dago orain Sagredok dominak bereganatu nahi izatea, zer eta Kutxabank BBKren, Kutxaren eta Vitalen fundazioen esku dagoelako oraindik. Gogoratu behar da EAJ kexu zela ELA ‘oztopatzen’ ari zelako espainiar Estatuko beste leku batzuetan egiten ari zena, Katalunian barne. Eredua Caixabankena zen, baina ez genien hori gauzatzeko aukerarik eman.

Nolanahi ere, Kutxabank Burtsara ateratzeko erabakia geldiarazteak ez du esan nahi bere funtzionamendua egokia izan denik: 2010etik hona EAEko bere lanpostuen %47 suntsitu ditu (2.100); bezeroentzako ordutegiak murriztu ditu, ilarak ohikoak dira irekiera orduetan, komisioak, finantza produktuak etengabe eskaintzen dira, lana prekarioagoa da, etxegabetzeetan Kutxabankek duen jokabidea... Horiek eta beste hainbat arazok erakusten dute Kutxabank beste bankuen pare jarri nahi dutela; negozioa lehenetsi nahi dela, alegia, ez beharrizan ekonomiko eta sozialak.

Egoera hori irauli egin behar da. Kutxabank, fundazio batzuen esku dagoena, banku publikoa bihurtu behar du, eta kontrol sozialaren menpe jarri. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da kalean eztabaida piztea eta bideratzea.