Zergatik uzten diote Rajoyri Nafarroako aurrekontua erabakitzen?

2017/10/10
Mitxel Lakuntza / Iñaki Zabaleta (ELA Nafarroa)
Foru Hobekuntzaren Lege Organikoaren arabera Nafarroaren eskumenen artean bere zerga- eta aurrekontu-politika arautu eta taxutu ahal izatea dago. Aipaturiko legeaz egin daitekeen balioespena gorabehera, eskumen hori legez babesturik dago. Hala ere, oraingo Nafarroako Gobernuak, lehenagokoak egiten zuen bezalaxe, uko egiten dio eskumen horri, eta bere egiten ditu Madrilen erabakitako mugak (defizita, zorra, gastu-araua). Madrildik ezarritako irizpideak ontzat emanez gero, aurrekontu- eta zerga-arloetan bestelako politikak egiteko tartea ezin da estuagoa izan.

Defizit-muga, zorra eta gastu-araua lehen urratsak dira murrizketak egiteko bidean

Behin Merkelek esan zion Zapaterori telefonoz gizarte-beharrizanen gainetik bankari ordaindu beharra dagoela, eta dei haren ondorioz Aurrekontu Egonkortasunaren Legea etorri zen, hiru puntutan oinarritua: defizit-helburua, zor publikoa eta gastu-araua. 2018an defizitak ezin izanen du gainditu BPGaren %0,4; zor publikoak ezin gaindituko BPGaren %24,1; eta gastu-arauak ez du utziko aurrekontua handitzen %2,4 baino gehiago.

Zentzugabekeria hori noraino iristen den jakiteko, aski da gastu-araua nola erabiltzen den ikustea. Zertarako erabiltzen da? Bada, herri-erakundeek (gobernua, aldundiak, udalak...) gastua igotzerik izan ez dezaten, nahiz eta diru-sarrera nahikoak izan. Hau da, diru-bilketan superabita balego, orduan ordainketa aurreratua eginen zaio zor publikoari, baina ezin da hazi gizarte-inbertsioa. Bide horretatik aitzina joanez baliteke gobernu batek, amortizatu beharreko zorrik izanen ez balu ere, soberako diru-sarrerak aurreztera beharturik egotea, nahiz eta arlo sozialean edo inbertsioan beharrizanak eduki. Zentzugabekeria hori gertatu da, dagoeneko, zenbait udaletan. Azken batean, “alkandora hertsagarri” moduko bat da, ezein gobernuk politika publikoak indartzerik izan ez dezan.

Ekonomia Itunaren beraren aurkako erasoa ere bada. Beti entzun izan dugu Itunak bide ematen diola Nafarroari bere diru-sarrerak izateko, eta hortaz bere aurrekontua erabakitzeko. Bada, gastu-araua justu kontrakoa da. Zertarako balio du diru-sarreretan gora egiteak, gastuan ez badago gora egiterik?

Helburu horiek bete behar izatearen ondorioz Nafarroako Gobernuak 3.633 milioi eurotan ezarri du 2018ko gastu-goiena. 2017an baino %3,1 gehiago gastatuko badu ere, Nafarroako hazkunde ekonomikoaren azpitik geratuko da. Hortaz, sektore publikoak ekonomian duen pisua txikiagoa izanen da.

Ez da ezarpena, itun bidez egiten da

Batzuen iritziz Nafarroako zerga- eta aurrekontu-politikaren eskumena mugatzea lege-kontua edo gai teknikoa da. Alderantziz. Muga horiek Kongresuan onetsi dira, EAJ/PNVren botoei esker (laguntza hori izan gabe, oposizioak behera botako zituen). Gero, Nafarroako Gobernuak Rajoyren gobernuarekin egindako akordioa iragarri zuen, defizit-mugak Nafarroan ere aplikatzeari begira (gainerako autonomia-erkidegoetan bezalaxe).

Horrelako erabakiekin Nafarroako Gobernua ados egotea da denetan kezkagarriena. Bere egiten du Rajoyren zerga- eta aurrekontu-politika, eta politika propioa egiteari uko egiten dio, erabaki hori onartezina da, ikuspuntu sozial batetik ez ezik, Nafarroako eskumenak zaintzearen ikuspuntutik ere bai.

Foru-gobernuak, gastu-muga hitzartzerakoan, ez ditu begiratu Nafarroako beharrizan sozialak edo egin nahi diren inbertsioak. Rajoyren esku utzi da Nafarroan zenbat gastatu ahal den erabakitzea.

Bistan dago erabakia ez dela edonolakoa, defizit-muga horien eraginpean daude, besteak beste, gizartearen garapena eta hobekuntza, murrizketak lehengoratzeko aukera, menpekotasunaren arreta hobetzea, etxebizitza, prestazio sozialak, zerbitzu publikoak hobetzea, enplegua...

Erabaki kezkagarria da; izan ere, doikuntza-politika ontzat jo du (Konstituzioaren 135. art.), berezko eskumenei uko egin die eta, gainera, alde biko akordio bat dagoelako itxura egin du —Estatuarekin berdinetik berdinera—.

Irmotasun politikorik eza

Hain erabaki larri eta garrantzitsuren aitzinean gobernuko lau alderdiek partekatzen duten adostasuna eta isiltasuna ikusita, ELA kezkaturik dago oso. Nafarroako Gobernuak defizit-mugak eta gastu-araua onartu ditu besterik gabe, eta beraz uko egin dio Nafarroako ekonomia- eta aurrekontu-politika erabakitzeari, Rajoyren gobernuaren esku utziz.

Bakarrik legezko mugetan eta erakunde-politikaren marjina estuetan oinarritzen den azalpena ezin da ontzat eman. Hori onartuz gero, eredu kapitalistari edo legeria espainiarrari alternatibarik ez dagoela onartuko genuke, eta hortik atera litekeen ondorioa zera litzateke: obedientzia da erantzun politiko bakarra.

“Aldaketa” delakoak beste osagai batzuk behar ditu: partidan lehiatzea, pedagogia egitea, politikan berrikuntzak sartzea erabakitasunez eta ausardiaz; horrela jokatu behar da, bestela gatazka dagoen lekuan normaltasun-itxurak eginen ditugu.

Gastu-goiena onartzen bada, eta herri-ogasuna itotzen duen zorra ez bada zalantzan jartzen... aurrekontua eginda egonen da tamalez. Eta ondorioa zerbitzu publikoen gainbehera. Osasunean eta Hezkuntzan Europako batez bestekoarekin dugun egundoko aldea, murriztu beharrean, handitu eginen dugu. Eta doikuntzen bidetik jarraituko dugu beheranzko lizitazioak eskainiz eta azpikontratetako lan-baldintzak apalduz.

Interesen kontua da. Baina bada norbait kapitalaren interesak arazo teknikoen azpian ezkutatu nahi dituena. Nafarroako Gobernuak, aurrekontuak egiterakoan, gizartearen beharrizanak hartu behar ditu kontuan, eta ez Rajoyren gobernuaren mugak. Pertsonen interesak kapitalaren interesen aitzinetik joan behar dira beti.