Zuriketa morea zuena, borroka feminista gurea

2020/03/04
Jone Bengoetxea- ELAko genero politika saila
Gutako asko azken bi urteetako greba feministen ajeak jota helduko gara aurtengo Martxoak 8, Emakumeon Nazioarteko Egunera. Argi dago mundu guztiko emakumeok behingoz planto egin dugula. Feminismoak ez dauka atzerapausorik emateko inongo asmorik; are gehiago, betiko boteredunentzat deseroso izaten jarraituko du. Hala behar du izan gainera! Feminismoak ez duelako zerikusirik erakunde publikoek, Euskal Herrikoek ere, maisuki egiten duten purplewashing edo zuriketa morearekin.

Bat-batean badirudi guztiok garela feminista; gutxienik, denek parte hartu nahi dute ospakizunean. Haatik, mozkortze feminista honek baditu arriskuak, eta horiek aipatu nahi ditugu. Sistemaren ohiko jokabidea da aldarri feministak asimilatu eta haiek lantzea, birziklatzea, horiekin hitzaldiak, propaganda eta marketing sasi-feminista egiteko. Sarri, gainera, bere helburua lortu du horrela.

Hemen ere non instituzioek ustezko euskal oasia saltzen saiatzen diren, are gehiago M8-a bezalako data esanguratsuan. Hau gutxienez, ironikoa da egitea egun berean Gipuzkoako zahar egoitzetako emakume langileak 237 greba egunetara helduko direnean. Antza, berdintasunaren paradisu honetan prekaritatea ez da hain larria, eta lan gatazkak, curriculumetik ezabatu beharreko orban bat besterik ez.

Horren adibide argia da Gipuzkoako Aldundiaren ahalegina: adinekoen egoitzetan nagusi diren prekaritateari, lan-baldintza kaskarrei, garrantzia kentzen die; aldi berean Gipuzkoa lurralde eredugarri gisa saldu nahi dute, ustez Europako ongizatearen eta genero berdintasunaren lehen postuetan dagoelako. Zoritxarrez, propagandak eragina du, baina gure susmoa da zaintzaren krisia uste baino lehenago benetan lehertuko dela; gainera, uste dugu zaintza merkantilizatuak sostengatzeko oinarria prekaritatea eta langileen esplotazioa izateak muga bat duela. Beraz, grebak bere horretan darrai.

“Langile-greba feminista”. Hala esaten diogu, baita ohore egin ere, klase-borroka feminista gurean aspaldidanik ari baita egosten eta lehertzen lantokietan, kaleetan eta, batez ere, etxeetan. Langile epika edo errelato feminista batik bat kaleetan idazten da; egia da greba hauek, ehundaka eta milaka emakumeen borroka hauek, ez dutela merezi duten aitortza sozial politikorik iritsi. Borrokaren protagonista askok, bestalde, sekula ez zuten pentsatuko bizitzak halako ibilbide batera bultzako zituenik. Megafono eta pankartak hartu dituzten emakumeak; gatazka sozializatzeko herrietan zehar martxak eta manifestazioak egiten dituzten emakumeak; Donostiako kaleetan hainbat ekitaldi antolatzen dituzten emakumeak: zaintzaren jaialdi paraleloa -Zaintzaldia-, zunbatoiak, argazki lehiaketak, performanceak… Patronalarekin negoziazio mahaian bilera gogorrak egitera behartutako emakumeak... zerrenda nahi beste luza genezake.

Bestalde, greba egiten duten emakumeak gaiztoak omen dira, batez ere arduradun politiko, agintari eta hauen adiskide diren enpresa eta patronalen ustez (esaterako, zahar-etxeen kasuan). Emakume hauek, gainera, bekaturik larrienetakoa ari dira egiten: “uko” egiten diote zaintzeari, hots, agindu patriarkalaren arabera emakumeoi dagokigun eginkizun sozialari.

Langile greba feministetan kontutan izan beharreko beste osagai bat dira kolektiboaren barnean sortzen diren loturak eta zaintza-sareak. Ondoren aipatuko dudan esaldia autolaguntzako edozein liburutan ager daiteke akaso, baina grebaren kasuan ere egia dela esango nuke: “jendeak ez du inoiz prozesuaren parte izan nahi, bai ordea emaitzaren parte. Haatik, prozesuan zehar erabakitzen da nork merezi duen emaitzaren parte izatea”.

Areago, zahar-etxeen gatazkan guztiak izango dira emaitzaren partaide, onuradun. Agian prozesuan parte hartu ez dutenak ere, edo ez denbora guztian behintzat.

Lerrook emakume horiei guztiei eskaini nahi dizkiet. Agian ez dute abangoardia iraultzaile bat osatzen; agian ez dira konturatzen zer nolako iraultzak ari diren gauzatzen, baina guztien alde ari dira borrokan. Emakumeak greba egiten ari dira lan sektore prekarizatu eta feminizatuetan. Ezin ahaztu, puntu honetan, emakume batzuk greba egiteko aukera ere ez dutela: hor ditugu etxeko langileak eta emakume langile internoak. Hauei ez zaie langile izaera ere aitortzen, eta izugarrizko esplotazio eremu batean murgilduta bizi dira.

Duela gutxi lagun batek deitoratzen zuen jendartea anestesiaren eraginpean dagoela; zuzenean eragiten ez diguten injustiziak pairatzen dituztenekiko oro har ez dagoela enpatiarik. Askotan espero dugu besteak mugitzea. Lan-gatazka feministen eragina eta ondorioak neurtzea ez da erraza, baina ziur gaude merezi dutela. Borrokak beti merezi du.