“Etxera bizirik iristeko eskubidea dugu”

2018/04/27
ELAk ekitaldia antolatu du Bilbon Lan Osasun eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta. Aurten sindikatuak prekarietatearen eta lan heriotzen arteko harreman estua nabarmendu nahi izan du, lanean ere bizitzarako eskubidea aldarrikatuz. Lan osasun arduradun Pello Igeregik nabarmendu duen bezala, “etxera bizirik iristeko eskubidea dugu”.

Lehendabizi ekitaldia egin da Campos Antzokian. Bertan iragan urtean lanean hildako 54 langileak oroitu dituzte bertan bilduko ehunka lagunek. Pello Igeregik azpimarratu duenez, prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa dira laneko ezbeharren eragile nagusiak. “Kontrolik gabeko eta kate gisako azpikontratazioa, lan-karga eta -erritmo jasangaitzak, justifikaziorik gabeko lanaldi partzialeko lana eta horrek berekin dakarren enplegu-aniztasuna, trebakuntzarik eza, inbertsiorik ez segurtasunean eta osasunean…, horra arazo sozial larri horren atzean dauden egiturazko faktoreak”.

Baina, salaketaz harantzago, ELAk arazo larri honi aurre egiteko neurriak jasotzen dituen dekalogoa aurkeztu du. “Besteak beste, Europako batez besteko lan-ikuskari kopurua izatea exijitzen dugu; ondorioz, egungo ikuskari kopurua bikoiztu beharko litzateke. Hamar neurri hauen logika argia da, prebentzio neurriei garrantzirik ematen ez dieten enpresariak deseroso egotea. Neurriak zehatzak eta egingarriak dira; orain borondate politikoa neurtu beharko dugu”.

Camposeko ekitaldiaren ostean manifestazioa egin da Confebask patronalaren egoitzaraino. Bertan bildutako ELAko ordezkariek soka-tira saio bat egin dute, denon artean tiraka eginda prekarietatea ezabatu eta bizitzeko eskubidearen alde egin daitekeela erakusteko.