“Zaldibarko zabortegiaren eredua posible egin duten horiek dira gertatukoaren arduradunak” #ZaldibarArgitu

2020/03/12
ELAren ordezkaritza zabal batek parte hartu du Zaldibar Argitu plataformak Zaldibarren, Eibarren, Ermuan, Elgetan eta Mallabian antolatutako mobilizazioetan. 12:00etatik 15:00etara lanuztea egin da; gainera, manifestazioak deitu dira herri horietan, eguerdian zein arratsaldean.

Sindikatuko idazkari nagusiak, Mitxel Lakuntzak, Eibarko manifestazioan parte hartu du. Mobilizazioaren garrantzia azpimarratu du. “Beharrezkoa ikusten dugu jendea mobilizatzea, eta zentzu honetan pozik gaude, jendetza bildu delako eguerdian antolatutako manifestazioetan”.

Lakuntzak aipatu du ELAk bat egiten duela Zaldibar Argitu plataformaren aldarrikapenekin, eta hiru elementu nabarmendu nahi ditu. “Lehenik, aipatu behar da otsailaren 6az geroztik bi lagun daudela desagertuta, hau da, duela hilabete pasatxo. Euren familiei elkartasuna adierazi nahi diegu, eta uste dugu eurekiko elkartasuna adierazteko modurik onena bilaketa lanak lehentasun bihurtzea dela. Bigarrenik, zabortegiaren inguruko herrietan bizi diren pertsonen osasunak ere kezkatzen gaitu. Zaldibarren edozein modutara biltzen zen zaborra, toxikoak diren elementuak barne, herritarron osasuna jokoan egonda. Honetan ere ardurak egon eta hartu behar dira, besteak beste, onartezina den zabor-eredu bat posible egin delako”.

“Azkenik, enpresaren ardura zuzena salatzen dugu, baina, horretaz gain, hori guztia posible egin duen administrazio publikoa ere salatu behar dugu, kudeaketa hau pribatizatzeaz gain ez dutelako jarri hau eragozteko inolako kontrol neurririk”.