LAN ISTRIPUA

32 urteko langile bat larri zauritu da Erandion lau metroko altueratik erorita

2023/10/12
Amianto plakak kentzen zebilela gertatu zen astelehenean istripua.

Aurreko astelehenean, urriaren 9an, Reformas Maver enpresako behargin bat lau metroko altueratik erori eta larriki zauritu zen. 32 urte ditu eta ospitalera eraman zuten larri. Erandion amianto plakak kentzen zebilenean gertatu zen istripua.

Reformas Maver amiantoa kentzeko RERA erregistroan sartuta dago, baina zehazteke da lan delegaritzara bideratu beharreko dokumentuak eta lan planak egoki zituzten ala ez. Argi dagoena da lan plan hoiek ez direla behar den bezala jarraitu, langilea segurtasun arauak bete gabe, lotu barik zegoelako.

Aurten hiru behargin hil dira altueratik erorita. Eraikuntza eta erreforma sektoreetan diru etekinak hobetze aldera, prebentzioa izaten da gutxien inbertitzen den arloa eta horrek eragin zuzena du langileon segurtasunean. Lan erritmo bortitzak izaten dituzte epeak betetzeko, eta askotan norbere burua babesteko ekipoetan gabeziak daude, lan istripu edo lan gaixotasunak pairatzeko probabilitatea areagotuz.

2023an lan istripuen ondorioz 39 langile hil dira Hego Euskal Herrian.

Prekaritatearen ondorioz, lan baldintzak urtetik urtera geroz eta okerragoak dira. Ez da prebentzio edo lan segurtasunean nahikorik inbertitzen, ez zaio arriskuen informazio eta formakuntzari duen garrantzia ematen, eta enpresek etekinak lehenesten dituzte langileon segurtasun eta osasunaren aurretik. Gogor jarraituko du ELAk langileen bizitzaren kontrako egoera prekarioak salatzen.