56 ohe huts samina zabaltzen #Landeia #prekarietateahiltzailea

2018/11/19
Prekarietateak hiltzen jarraitzen du; istripuen erdia kontratuaren lehen bi hilabeteetan ematen da. Hona hemen gaiaren inguruan Landeiaren azken aleak jasotzen duen erreportajea.

56. Hori da urtea hasi zenetik Landeia hau inprentara bidali zen egunera arte –urriak 18– Hego Euskal Herrian lanean hil diren langileen kopurua. Honi lan-gaixotasunen ondorio larriak gehitu behar zaio. Ezin dugu ahaztu lan-istripuz hildako langile bakoitzetik 35 hiltzen direla lanbide-gaixotasunengatik, Europar Batasunak berak aitortzen duenez.

Egoera hau salatzeko irailean hainbat mobilizazio egin ziren, ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta. Izan ere, lan osasun eta segurtasun arduradun Pello Igeregik azpimarratzen duenez, “mobilizazioa eta ekintza sindikala dira egoera aldatzeko ditugun tresna eraginkorrenak”.

Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea. Hala zioen irailaren 28an Bilbon eta 29an Iruñean egin ziren mobilizazioen leloak. Lan-harremanetan estrukturala bihurtu diren prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa daude heriotza huen oinarrian: lan-erreformak, behin-behinekotasuna, kontratu partzialak, lan erritmo itogarriak… Zentzu honetan bada datu esanguratsu bat: lan-istripuen erdia kontratuaren lehen bi hilabeteetan ematen dira, eta hildakoen herena azpikontratetan.

“Prekarietateak hil egiten du, eta prekarietatearekin amaitzea da arazo honi irtenbide bat emateko modu bakarra. Ia ez da dirurik bideratzen lan osasunera, aurrekontuen %0,01 Euskal Autonomia Erkidegoan eta %0,03a Nafarroan. Eta kopuru horren zati handi bat eragile sozial jakin batzuen jarduna bermatzea du helburu. Erakunde publikoek begiak ixten dituzte. Ez dute enpresarien interesen aurka doan ezer egiten, eta hauek arauak behin eta berriz hautsi arren ez dago ez behar adina kontrolik ez zigorrik. Enpresa askori errentagarriagoa zaie isunak ordaintzea neurri eraginkorrak hartzea baino”.

Zer egin daiteke egoera iraultzeko? Pello Igeregik argi du ekintza sindikal eraginkorra dela langileok dugun tresnarik onena. “Etxera bizirik heltzeko eskubidea bermatuko duen enplegu duina eta kalitatezkoa lortzea da lehen helburua. Honekin batera, funtsezkoa da lan osasun politikak errotik aldatzea. Horretarako, noski, ezinbestekoa da, besteak beste, lan-osasunera bideratutako baliabideak handitzea eta enpresen gaineko kontrola areagotzea”.

AHTren obretan beste langile bat hil da

Urriaren 3an lan-istripu hilgarri berri bat gertatu zen Zizurkilen, Abiadura Handiko Trenaren obretan. Langile bat zendu zen, hormigoi makinarekin lanean zebilela. Dagoeneko bederatzi pertsona dira AHTren obrak hasi zirenetik azpiegitura erraldoi honen eraikuntza lanetan hildakoak; guztiak azpikontratatutako enpresetan.

Istripuak agerian utzi zuen lan osasunaren eta segurtasunaren ikuspuntutik gisa honetako obrek langileen osasuna eta bizitzaren kontura kostuak aurreztea beste helbururik ez dutela.

Nabarmen egin du okerrera egoerak Nafarroan laneko ezbeharrei dagokienez

2018an, nabarmen egin du okerrera egoerak Nafarroan laneko istripuei dagokienez. Urtea hasi zenetik Landeiaren zenbaki hau itxi arte —urriak 18— 16 langile hil dira herrialde horretan. Haietako asko muturreko prekarietate-egoeran ari ziren lanean, edo erraz saihets zitezkeen egoeretan hil ziren. Ez dezagun ahantzi, bestalde, icebergaren tontorra baino ez direla laneko istripuek eragiten dituzten heriotzak. Izan ere, laneko ezbehar asko ez dira sartzen estatistika ofizialetan; besteak beste, autonomoenak, garraiolarienak edo in itinere gertatzen direnak.

Egoera latz hori salatzeko, manifestazioa egin zen irailaren 29an Iruñeko kale nagusietan barrena. ELAren Nafarroako arduradunak, Mitxel Lakuntzak, adierazi duenez, berehalako neurriak hartu behar dira laneko istripuen areagotzea geldiarazteko. “Beldurgarria izan da uda-garaia: bi hilabetean, 11 langile hil dira lanean edo lanerako bidean. Oso larria da arazoa, baina hala eta guztiz ere ez dirudi lehentasunezko gaia denik Nafarroako Gobernuarentzat".

Hori dela eta, ELAk alde egin zuen Nafarroako Laneko Osasunaren Kontseilutik iragan irailaren 20an. “Honengatik alde egin genuen bileratik: laneko istripuen arazoari aurre egiteko ezer ere ez delako egiten ari Nafarroako Gobernua. Egoera oso larria den arren, hurrengo bilerarako utzi zuen gaia Gobernuak”.

Gai-zerrenda aldatzeko eskatu zuten Laneko Osasunaren Kontseiluko LABen eta ELAren ordezkariek, hau da, Laneko Arriskuen Prebentziorako Estatuko Fundazioaren funtsei buruzko gaia kentzea eta mintzagai bakartzat beste hau jartzea: laneko istripuen eta haiek eragiten ari diren heriotzen kopuruaren areagotze kezkagarria. “Badirudi Laneko Osasunaren Kontseiluko presidentearen lehentasuna ez dela heriotzak saihestea (11 hildako), baizik eta Nafarroako langileen kotizazioak UGT, CCOO eta CENi bideratzeko tramitazioa”.