70 pertsona hil dira lanean Hego Euskal Herrian, jarduera ekonomikoa eten den arren

ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, EHNEk eta HIRUk ohartarazi dutenez, nahiz eta 2020eko datu ofizialek hobekuntza txiki bat iragarri duten lan-istripuen arloan, horiek ez dira jarduera ekonomikoaren neurri berean jaitsi. Istripu hilgarriei dagokienez, 2020an gehiengo sindikalak 2019an baino 24 lan istripu gehiago erregistratu ditu. Datu ofizialak soilik aintzat hartuta, 185 pertsonak izan dute lan-istripua EAEn egunero, 57k Nafarroan. 2020an 70 lan-istripu hilgarri zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian, 59 EAEn eta 11 Nafarroan, eta ez da ahaztu behar Joaquin Beltran otsailaren 6tik desagertuta dagoela, Zaldibarko zabortegia erori eta urtebetera (Ikusi hemen datu guztiak).
2019ko datuekin alderatuta, 2020an, hildakoen kopuruak gora egin du EAEko lurralde guztietan, guztira, 32 gehiago. Araban izan da gorakada handiena, 12 hildako gehiago izan baitira. Gipuzkoan eta Bizkaian 8 lan-istripu gehiago izan dira, hurrenez hurren, aurreko urtean baino. Nafarroak lan istripuan hildako 4 pertsona gutxiago zenbatu ditu, 2019an baino hildako gutxiago izan dituen lurralde bakarra.
Era berean, gogorarazi dute datu ofizialen eta sindikatuen estatistiken artean istripu hilgarrien % 54ko azpi-erregistroa dagoela. "Batek jakin nolako aldea dagoen istripu eta gaixotasun arinen eta larrien artean, batez ere, osasun-sistema publikora etengabe bideratzen diren gaixotasun profesionalen kasuan, mutuek eta enpresek dirua aurrezten duten bitartean", deitoratu dute.
Gaineratu dutenez, COVID-19aren ondorioz bizi dugun krisi ekonomikoak eragin zuzena izan du gure osasunean: ziurgabetasuna, ezegonkortasuna, langabezia, kaleratzeak, betiko itxierak, ERTEak, EREak eta, oro har, lan-baldintzak okertu egin dira, baita osasun psikosozialarekin lotutakoak ere.
Azpimarratu dute prekaritatea eta enpleguaren kalitate txarra direla laneko istripu eta gaixotasunen arrazoi nagusiak, eta horri gehitu behar zaizkiola bai fisikoki bai psikologikoki pandemiak langile klaseari eragindako kalteak. "Ez ditugu ezagutzen koronabirusagatik kutsatu edo hil diren langileen datuak", salatu dute.
Datu "onartezin" horien guztien aurrean, Gasteizko eta Iruñeko gobernuek langileen segurtasuna eta osasuna serio hartu gabe jarraitzen dutela eta arlo horretako politikak errotik aldatu gabe jarraitzen dutela gaineratu dute. "Inbertsioa tamalgarria da oraindik, eta, beraz, baliabide teknikoak eta giza baliabideak falta dira Lan Ikuskaritzan eta Osalanen. Premiazkoa da laneko segurtasunaren eta osasunaren jarraipena eta kontrola egitea".
Egoeraren larritasuna ikusita, urtarrilaren 15ean EAEko eta Nafarroako gobernuei egindako eskaerak berretsi dituzte:
Enpresen gaineko kontrol handiagoa.
- Osalan/ISPLNko eta Lan Ikuskaritzako langileak gehitzea, Europako batez bestekoarekin parekatuz, lantokietan osasun- eta prebentzio-neurrien jarraipen egokia egiteko. Praktikan, gutxienez, 100 teknikari gehiago beharko lirateke EAEn eta 50 gehiago Nafarroan.
- Nafarroako Gobernuak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren arloko joerak berreskuratzea.
- Mutuen eta prebentzio-zerbitzuen publifikazioa. Pandemia honetan ez dira eraginkorrak izan osasunaren ikuspegitik.
- Kontrol- eta jarraipen-ekintza gehiago egitea, langileak erortzeko edo harrapatuta geratzeko arriskua duten jarduerak edo elementu kantzerigeno eta mutagenoekin lan egiten duten jarduerak egiten dituzten enpresetan araudia betetzen dela egiaztatzeko.
- Prebentzio-arloan zehapena jaso duten enpresekin kontratatzeko debekua.
- Hego Euskal Herriko enpresa guztietan arrisku psikosozialaren ebaluazioak eskatzea, pandemiak langileen baldintza psikosozialak are gehiago larriagotu dituela kontuan hartuta. Horretarako, bi urteko epean, enpresa guztiek izan beharko dute, gutxienez, arrisku psikosozialen ebaluazioa, eta, urritasunen bat izanez gero, neurriak ezarri beharko dituzte. Gainera, Osalan/ISPLNko langileak arduratuko dira betetze-maila zuzentzeaz.
- Kontingentzia-plan bat eta prebentzio-neurri eta prebentzio-ekipo egokiak eskatzea enpresa guztietan, prebentzio-ordezkarien parte-hartzearekin, sortzen diren aldaketekin alda daitezen, baina betiere, COVID-19ren aurkako neurri egokiak bermatuz lantokietan kutsatzeko arriskua txikitzeko.