LAN HERIOTZA

Aburuza Sagardotegiko langile bat zendu da Adunan

2023/09/20
Langilea sagarrak biltzeko lanetan ari zen; oraindik ikertzeke dauden arrazoiak medio, makinak harrapatuta zendu zen irailaren 19an. Hildako langileak 35 urte zituen. Dagoeneko 2023an gutxienez 35 behargin hil dira lan istripuen ondorioz Hego Euskal Herrian, horietatik 14 Gipuzkoan.

ELAk bere babesa adierazi nahi die zendutako langilearen familia eta lagunei. Hau esanda, ELAk nabarmendu nahi du nekazaritzaren sektoreko beharginek lan-baldintza oso gogorrak dituztela eta instituzioen erabateko utzikeria pairatzen dutela. Horrek guztiak lan-harreman prekarizatuak sortzen ditu. Gainera, muturrekoa da Prebentzio Legediaren betegabetze orokorra sektorean.

Horregatik irailaren 22an ELAk protesta ekintza egingo du Adunako Plazan (13:30), hildako langilearen oroimenez eta lan-baldintza duinen defentsan.