LAN OSASUNA

Amiantoaren biktimak ez dira lehentasuna Espainiako Gobernuarentzat eta haren bazkideentzat

2025/01/24
Amiantoaren Biktimen Konpentsazio Funtsa onartu zenetik bi urte igaro direnean, ez da sortu hura martxan jartzeko ezinbesteko araudia. Amiantoaren biktimek oraindik ere kalbario judizial eta administratiboak pairatu behar dituzte jasandako kalte injustuaren ordaina jasotzeko, Gobernuak emandako hitza bete ez duelako eta bere bazkideek estutu ez dutelako.

ELAk eta Bidelagun Fundazioak kezka agertu dute Amiantoaren biktimen Konpentsazio Funtsa bi urtez atzeratu izanagatik; horregatik euskal alderdiei eskatzen diete premia dezatela espainiar Gobernua, honek amiantoaren biktimekiko hartutako konpromisoak bete ditzan eta araua gauzatzeko falta den urratsa, legea garatzeko araudia argitara dezan.


2022ko urriaren 19an BOEn argitaratu zen 21/2022 Legea, urriaren 19koa, amiantoaren biktimen konpentsazio-funtsa sortzen zuena. Horrela, duela hamar urte baino gehiago Eusko Legebiltzarrak bultzatu zuenetik hasitako ibilbide parlamentario luzearen ondoren, gauzatu zen beharrezko lege bat, amiantoaren biktimei aitortza, ordaina eta justizia eman behar ziena. Berandu zetorren, espainiar Estatuak 2022an ez baitzeukan amiantoaren biktimentzako funtsik, inguruko beste estatuek bazutena, esaterako Frantziak, Herbehereek edo Belgikak. ELAren iritziz berandu izanagatik ere, iritsi zen azkenik.


“Gobernuak eta berau sostengatzen duten euskal alderdiek saldu zigutenez, Legea agente kantzerigeno horrek eragindako langileek nahi izan zuten behin betiko justizia urratsa zen. Une hartatik aurrera biktimak aitortuko zituzten eta eragindakoek zein hauen senideek pairatu behar izan dituzten auzibide luzeak ez omen ziren beharrezkoak izango”, salatu du Pello Igeregi, ELAren Lan Osasuneko arduradunak.


ELAk gogorarazi du 21/2022 Legean jaso zen funts hartarako 25 milioi euro bideratuko zirela; baina hau gerta zedin lehenik legea garatzeko araudi bat landu beharra zegoen, legea BOEn argitaratu eta hiru hilabeteko epean. Hau da, Funtseko 25 milioiak eta jardueraren hasiera araudia argitaratzearen menpe zeuden, eta hau 2023ko urtarrilean gertatu beharreko zerbait zen. Haatik, 2025eko urtarrila iritsi da eta, batetik, araudia ez da onartu; bestetik, amiantoaren biktimek ez daukate funtseko dirua jasotzeko aukerarik.


“Hau gertatzen da politika prentsako lerroburu bidez egiten denean, ez behar den lege-egoitzan eta BOEan argitaratuz”, kritikatu du David Penak, ELAren Bidelagun Fundazioko arduradunak. 2022ko urrian, Senatuan araua bozkatu zenean, prentsan eta sare sozialetan honelako mezuak zabaldu ziren: “Amiantoaren biktimen konpentsazio-funtsa gaurtik aurrera errealitatea izango da”; legea “historikoa” zela, etab. Hori dena propaganda zen ELAren aburuz. Izan ere, bi urteko atzerapena daramate. Bi urteotan biktimek ezin izan dute Konpentsazio Funtsetik xentimorik jaso.


ELAk 21/2022 Legeari kritika ugari egin dizkio mamiari dagokionez -patologia jakin batzuetarako ez da konpentsaziorik izango; 5 urteko preskripzio-epea; gaur Auzitegietan ebazten diren zenbatekoak baino apalagoak; patologien genero-ikuspunturik eza, edota funtsetik dirua jasotzeko aurrez aitortza administratibo zein judizial bat izan beharra, mesotelioma nahiz asbestosiaren kasuan izan ezik-. “Forma aldetik hankasartze oso larria izan da, legeak aurreikusitako epeak ez dira bete”, gehitu du Igeregik.


“Barkaezina da Euskal Herriko amiantoaren ehundaka biktimak gurutze-bide administratibo eta judizial lazgarriak gainditu behar izatea gaitza aitortu eta ordaina eman diezaieten, Konpentsazio-Funtsa martxan jartzeko araudi baten zain gaudelako”, adierazi du Penak.