PETRONOR

Amiantoaren ondorioz hildako langile baten alargunari pentsioaren %50eko errekargua ordaintzera behartuta

2024/03/06
Epaiak aitortzen du 70eko eta 80ko hamarkadetan amiantoarekin lan egin zela Petronorren, langileen osasuna babesteko neurririk hartu gabe.

Bilboko Lan Arloko epaitegiak Petronor zigortu du enpresako langile baten alargunaren alargun pentsioaren gaineko % 50eko (maximoa) errekargua ordaintzera. Langile hori amiantoaren ondorioz sortutako patologia baten ondorioz hil zen.

Ebazpen judizialak dio egiaztatuta geratu dela 70-80ko hamarkadan amiantoarekin lan egin zela nabearen erdiko espazioko tailer osagarrian, bereizketa fisikorik eta erauzketa baliabiderik gabe. Suspentsioan zegoen hautsa hildako langilea ziharduen tailer mekanikora iristen zen, eta, amiantoa zuzenean manipulatzen ez bazuen ere, lantegi osagarriko lanetatik zetorren hauts esekiaren eraginpean zegoen.

Epaiak onartzen du enpresak ez zuela segurtasun neurririk hartu langileen osasuna babesteko, suspentsioan zegoen hautsa inolako xurgatze neurririk gabe zebilelako. Ez zen maskararik eman, ezta lanerako arropa egokirik ere, etxean garbitzen zena, gainera. Epaia garrantzitsua da, orain arte enpresan amiantoagatik kondenaren bat bazegoen ere, azpikontratatutako enpresetako langilea delako. Epai horrek Petronor enpresak langile propio baten gain duen erantzukizuna aitortzen dio kasu honetan.

Bidelagun Fundazioak, ELA sindikatuak Lan Osasuna sustatzeko sortu eta kasu honen zuzendaritza juridikoa eraman duenak, oso positibotzat jo du epaia, Petronorreko 70eko eta 80ko hamarkadetako langileek amiantoaren eraginpean segurtasun-neurririk gabe egon zirela erakusten baitu. Gainera, epai horrek bidea irekitzen du hildako langilearen familiak kalte-galeren ordaina eskatzeko lege-ekintzak has ditzan.