Amurrion izandako lan istripua salatzeko elkarretaratzea

2020/12/21
ELA, LAB, ESK STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea deitu dute abenduak 21rako, Arabako Foru Aldundiaren aurrean Amurrioko Saratxo saihesbideko lan istripua salatzeko. Istripua abenduaren 16an gertatu zen, egiturako pieza astun bat gainera erorita, eta bi egun geroago hil zen, ospitalean. Aiaraldeak 2020an izan duen seigarren lan-istripu hilgarria da hauxe.

 

Istripu-tasari dagokionez, aurten oso odoltsua izaten ari da; izan ere, gutxienez 64 pertsona hil dira HEHan lan-istripu baten ondorioz, eta datu tamalgarria da pandemiaren ondorioz lan-jardueran izan dugun geldialdia kontuan hartuta. Ez dakigu zenbat langile gaixotu edo hil diren koronabirusaren ondorioz eta Joaquinek desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegian.

ELAtik doluminak bidaltzen dizkiegu hildakoen senide eta lagunei, eta horren arrazoiak lehenbailehen zehaztuko dituen ikerketa bat egitea eskatzen dugu. Eraikuntzaren sektorean ezagunak dira ezarritako epeak betetzeko lan-erritmo altuak eta estres-erritmoak eta, aldi berean, langileek jasaten dituzten segurtasun-murrizketak, nahiz eta sektore horrek ezbehar-tasa altuak izan.Beste langile baten bizitzak eraman duen istripu lazgarri hau salatu nahi dugu, eta erakundeei esan nahi diegu laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan ere eredu izateko betebeharra dutela.

Lehentasunezkoa da prebentzioa eta bizitza onura ekonomikoen aurretik jartzea, eta behar-beharrezkoa da lantokietako eta udaletako prebentzioaren egiaztapenerako baliabideak gehitzea. Erakunde publikoen eta gobernuen mailak ildo horretan lan egin behar dute, segurtasunaren eta osasunaren arloko ez-betetzeen jarraipena eta jazarpena eginez.