LAN HERIOTZA

Artzentalesen izandako heriotza salatzeko bilkura

2024/04/30
ELAk elkarretaratzea egin du Zallan basogintza sektoreak bizi duen prekarietatea salatzeko eta Artzentalesen hildako 22 urteko langilearen familiari eta lagunei babesa adierazteko. Langileak istripu larria izan zuen apirilaren 24an, eta apirilaren 29an hil zen. 2024an 23 pertsona hil dira jada Hego Euskal Herrian lan-istripu baten ondorioz.

Urtero gertatzen dira istripu larriak eta hilgarriak basogintza-sektorean. Zehazki, 2021etik 12 langile hil dira sektore horretan, gehienak zuhaitzek jota, baina baita makinek edo istripu ez-traumatikoen ondorioz ere. Izan ere, baso-industriak ezbehar-tasa oso altua du. 2021ean eta 2022an, hurrenez hurren, bost langile hil ziren sektore horretan.

Istripu hauek ez dira zorte txarraren ondorio. Alde batetik, prekarietate handiko sektoreaz ari gara. Langile horiek lan-erritmo izugarriak, pisuak eta gehiegizko gainkargak jasaten dituzte. Bestalde, askotan enpresa txikietan ez da betetzen prebentzioaren arloko araudia, eta prestakuntza falta dago. Fisikoki oso lan zorrotzak eta gogorrak dira, eta askotan migratzaileen tasa altuak dituzten enpresak dira.

ELAk prekarietatearen aurka lan egiten jarraituko du, eta dagokion gobernuari beharrezko baliabideak eskatuko dizkio enpresetan eta lantokietan prebentzio-araudia betetzen dela bermatzeko. Lanean eta lanaren ondorioz hiltzen eta gaixotzen diren langileen kopurua onartezina da. Lan-politikak errotik aldatu behar dira, langileen osasuna lehentasuna izan dadin.