Euskal gehiengo sindikalak Karrantzako garraiolariaren lan istripu hilgarriaren atzean dagoen prekarietatea salatzeko kontzentrazioa egin du Bilbon

2017/08/24
ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egin du gaur Bilbon, Karrantzan gertaturiko azken lan istripuan hildako garraiolariaren heriotza salatzeko. Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez! lelopean, garraiolariek bereziki pairatzen duten prekarietatea salatu dute. Aipatu duten bezala, aurten Euskal Herrian istripuan hildako 41 langileetatik 6 garraiolariak dira. Azken hauek sufritzen dituzten istripuak lan istripuak direla aitortzeko garaia dela baieztatu dute.

Euskal gehiengo sindikalak elkarretaratzea egin du Bilbon, abuztuaren 21ean Karrantzan gertaturiko azken lan istripuan hildako garraiolariaren heriotza salatzeko.

Hona hemen sindikatuen ohar bateratua:

Lehenik eta behin gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu atzo Karrantzan lan istripuan hil zen garraiolariaren senide eta lagunei. Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Garraiolariek ez daukate giza nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik askotan, izan ere, gehiengo batean langile autonomoak dira, eta gainera, berauek edukitako lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontutan edukitzen: errepide istriputzak jotzen dira, zenbakiak apaintzeko. Prekarietateak ez die garraiolari autonomoei bakarrik eragiten, tamalez, kamioilariak ere hobetu beharreko lan baldintzak eduki ohi dituzte sarri.

Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoeraren ezagun izan arren. Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak dira. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira Administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan. Honegatik guztiagatik, gehiengo sindikaleko kideok elkarretaratzea egingo dugu datorren ostegunean, abuztuak 24, Bilbon, Lan Ikuskaritzaren aurrean (Gran Vía 50) goizeko 11tan.

Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUko kideok egoera salatzen jarraituko dugu, baita hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen ere.