PAPELERA ZICUÑAGA
Bi langile larriki zaurituak, mantentze lanak egiten zeudela
ELAk jaso ahal izan dituen lehen datuen arabera, langileak larri eraman zituzten erietxera. Horietako bat, Zicuñagako langilea hain zuzen ere, arriskuz kanpo dago; bestea ordea (azpikontratako langilea) ZIUn dago eta bere osasun egoera larria da.
Antza denez, oraindik ikertzeke dauden arrazoiak medio, langileak makina batean lanean ari ziren eta honek harrapatu zituen. Ez da lehen aldia horrelako istripu larri bat mantentze lanak egin bitartean gertatzen dena. 2007 urtean beste bi langile larriki zaurituak izan ziren deposito batean lanean ari zirela ur beroa bat-batean sartu eta erre zituenean.
Mantentze lanetan, hainbat enpresetako langileak elkarrekin lanean dabiltzala kontuan izan behar dugu eta enpresen arteko koordinazioa ez da egokia ezta nahikoa izaten; horrek nahitaez istripuetan zuzeneko eragina du. Prebentzio legedia errespetatuko balitz eta beharrezkoak diren neurriak hartuko balira, ez ginateke horrelako gertakari lazgarriez hitz egiten ariko. Horretarako, enpresek laneko arriskuen prebentziorako bideratzen dituzten baliabideak handitu beharko lituzkete nahitaez. Onura ekonomikoak lehenesten dituzte eta horrek eragin negatiboa du langileen osasun fisiko eta mentalean.