CAF-eko langile bat hil da etxerako bidean

2019/10/15
ELAk jakin ahal izan duenez, Beasaingo CAF enpresako langile bat hil da gaur goizaldean lanaldia amaitu eta gero autoan etxeruntz zihoala, auto istripu baten ondorioz. Lehenik eta behin, hildakoaren senitarteko eta hurbilekoei bere babes eta elkartasuna adierazi nahi die ELAk, baita CAF enpresako langileria osoari ere.

Honez gero 40 dira aurten Euskal Herrian haien lanpostuan hildako pertsonak. Halaber, lan-istripu “in itinere”-en gorantzko joerak bere horretan dirau, eta hauetatik asko ez dira oraindik ere datu ofizialetan jasotzen. Estadistiketaz harago, ELAk berriro dio prekaritatea eta enpleguaren baldintza makurrak daudela odolhuste honen atzean. Patronalak lan-baldintzak okertzeko erreformak aplikatzeko estrategiarekin aurrera darrai, administrazioaren baimenarekin, zeinak ez du kontrol eta interbentzio neurrietara behar adina baliabide bideratzen.

Egoeraren larritasunaren aurrean, ELAk Euskal Herriko langileria deitzen du enpresa eta lantokietan antolatzera, lan-ezbeharrak desagertaraziko dituen lan-baldintza duinak lortzeko helburuarekin, eta etxera bizirik itzultzeko eskubidea bermatuz.

Lan istripuaren inguruan, CAF-eko enpresa batzordeak asteazkenerako, hilak 16, ordu beteko geldialdia deitu du enpresan goizeko 11tatik 12tara bitartean.