Dozenaka lagun elkarretaratu dira Korellan uztailaren 27ko istripu hilgarria salatzeko #PrekarietateaHiltzailea

2018/08/01
Dagoeneko bederatzi dira urtea hasi zenetik Nafarroan hildako langileak. Azkena uztailaren 31n; Zintruenigoko garraiolari bat hil zen Fragan (Huesca) izandako istripuan.

Dozenaka lagun bildu ziren uztailaren 31n Korellako udaletxearen aurrean, uztailaren 27an gertaturiko istripu hilgarria salatzeko. ELAk azpikontratazioaren aurkako neurri publikoak exijitzen ditu, ahalik eta epe laburrenean, zabaltzen ari den azpikontratazioari muga jartzeko asmoarekin. Azpikontratazioak prekarietatea eta lan-arrisku handiagoa besterik ez dakar, soldaten kosteak aurreztearen truke. Lan egoera horretan zeuden uztailaren 27an, pasa den ostiralean, Korellan hil ziren bi langile: 35 urteko eta Ablitasen bizi zen R.C.G, eta 54 urteko eta Murchanten bizi zen L.G.F. Biak hil ziren Nafarroako Gobernuaren enpresa publiko batentzako lanak egiten (Nilsa), nahiz eta euren lan kontratuak Socamex eta Lacunza Construcciones enpresenak izan.

Gainera, atzo Zintruenigoko beste langile bat, 44 urteko P.M.A., hil zen garraiolari lanetan, bere kamioia Fragan (Huesca) autopistatik irten zelarik. Honekin, bederatzi langile hil dira Nafarroan.