EAEko epaitegietan ez dago oraindik larrialdi-planik, ezta ebakuazio-planik ere, lan-ikuskaritzak agindu zituenetik 9 urte igaro ondoren
Euskadiko Justizia Administrazioan diharduten ELAko ordezkariek salaketak jarri zizkioten Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailari, eta haien ondorioz Lan Ikuskaritzak neurri zuzentzaileen errekerimendua eman zuen 2009an, segurtasun-baldintzetan betetzen ez ziren puntuak zuzentzearren.
Bi urte geroago, eta aipaturiko errekerimendua bete ez zenez, OSALANek berak eman zuen txosten bat, non Ikuskaritzaren errekerimenduaren puntuetako zati handi bat bete gabe zegoela egiaztatu baitzen. Puntu horietako bat eraikin judizialetako larrialdi- eta ebakuazio-planei dagokiena da.
Lan Ikuskaritzaren errekerimendua eman zenetik bederatzi urte igaro dira, eta OSALANek errekerimendua bete ez zela egiaztatuz bere txostena eman zuenetik zazpi urte, ELAk uste du Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailak denbora soberan izan duela eraikin judizialetako larrialdi- eta ebakuazio-planak eguneratzeko eta ezartzeko. Horregatik, ELAk erabaki du Lan Ikuskaritzari eskatzea urtarrilaren 29ko 20/2008 Dekretuaren 11 artikuluan jasotako jardunak egikaritzeko. Dekretu horren bidez onetsitako arautegian prozedura bat dago, euskal administrazio publikoen esparruko lan-arriskuen prebentzioko ez-betetzeengatik neurri zuzentzaileak ezartzeko.
ELAk oroitarazi behar dio Eusko Jaurlaritzari eraikin judizialetan larrialdi- eta ebakuazio-planik ez izateak arriskuan jartzen dituela epaitegietako ehunka funtzionario eta langile, eta baita zerbitzu publiko horretara egunero joaten diren herritarrak ere.