Osakidetza eta Osasunbidea

Kanpaina bat abiatuko dute gaixotasun arrunten arreta mutuen esku ez uzteko

Kanpaina bat abiatuko dute gaixotasun arrunten arreta mutuen esku ez uzteko
ELA, ESK, Steilas, USO, CGT, CNT sindikatuen eta OPAren (osasun publikoaren aldeko plataformak) helburua da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez sinatzea lankidetza hitzarmenik mutualitateekin. Izan ere, CCOO, UGT, CEPYME eta CEOE sindikatuek dagoeneko adostu dute traumatologiako kasuak pribatizatzea. Helburua da gaixotasun arruntak Osakidetzak eta Osasunbideak kudeatzea; ez, ordea, mutuek, azken horiek enpresaburuen interesak defendatzen dituztelako.

`Mutuak Stop' lelopean, ELA, ESK, Steilas, USO, CGT, CNT sindikatuek eta OPA plataformak elkarlanean kanpaina bat abiatuko dute datozen asteetan Nafarroan eta EAEn, mutuekin lankidetza hitzarmenik sina ez dadin. Besteak beste, sindikatuek agerraldiak eskatuko dute parlamentuetan egoeraren larritasuna salatzeko; alderdi politikoei dei egingo diete legez besteko proposamenak onar ditzaten lankidetza hitzarmenen aurka; enpresetan pribatizazioaren aurkako mozioak aurkeztuko dituzte; mutuen aurrean salaketak egingo dituzte, eta pribatizazioaren aurkako lan bat egingo dute osasun arloko langileen artean.

Kanpainaren lehen fase honetan alderdi politikoek eta erakundeek ematen duten erantzunaren arabera, bestelako mobilizazioak egingo dira ondoren. "Osasun publikoa ezin da debaluatu langileen osasunaren kaltetan", diote.

CCOOk eta UGTk 2023an adostu zuten CEOE eta CEPYME patronalekin langileek pairatzen dituzten hainbat gaixotasun arrunt pribatizatzea eta osasun publikoko jarduerak mutuei transferitzea. Gogoratu behar da mutualitateak enpresa elkarteak direla, eta, besteak beste, lanak eragindako kalteei erantzuten dietela, baina, betiere, ELAk, ESK-k, Steilasek, USOk, CGTk, CNTk eta EEPk diotenez, "enpresaburuan interesen defentsan”. Hala, azpimarratu dutenez, "lanekoa ez den osasunaren kontrola egiten dute, errekuperazio-denborak eta kostuak murrizteko helburuarekin".

Gauzak horrela, uste dute langileentzat asistentzia kalitate txarragoa eta kontingentzia arruntagatiko bajen kontrol handiagoa ekarriko lukeela, betiere irizpide ekonomizistak erabiliz osasuna hobetzeko irizpideak aplikatu beharrean.

Akordioa 2023an sinatu zenetik, lau autonomia erkidegotan bakarrik erabaki da mutuei botere handiagoa ematea: Katalunia, Asturias, Balear Uharteak eta INGESA (Ceuta eta Melilla). Azken horietan, osasun publikoaren eta mutuen arteko lankidetza hitzarmenak sinatu dira. Emaitza hain eskasa izan den arren, Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du baztertu antzeko akordio bat sinatzea, eta Nafarroako Gobernuak CCOO, UGT eta CEN sindikatuekin adostu du hori egitea.

Akordio hori gertatuz gero, ondorio hauek izango lituzke:

  • Mutuek presio mekanismo gehiago izango lituzkete hainbat gaixotasun arruntetako altak bizkortzeko, traumatologiako lesioak bereziki.
  • Profesionaltzat hartu beharko liratekeen gaixotasunak gaur egun baino errazago ezkutatuko dituzte mutuek: osasun publikoan artatuko dira, eta ez mutuetan.
  • Mutuen bidez osasun pribatura bideratutako probak eta tratamenduak handituko dira, eta gizarte segurantzako kotizazioengatik ordainduko dira. Gizarte Segurantza sendotzen ari da, osasun pribatuaren finantzatzaile eta bultzatzaile gisa.
  • Laneratze goiztiarra osasuna berreskuratzearen aurretik lehenetsiko litzateke.
  • Hitzarmenak ez du bermatzen mutuek gerora interesdunaren historial kliniko osoa eskura izatea.
  • Osasun arretaren pribatizazioak osasun arloko desberdintasun sozialak larriagotzen ditu, defendatzen dugunaren kontrako joera.