ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru-k salatu dute garraiolari bat lan-istripuz hil dela AP-8an

2020/03/25
Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote ekonomia eta produktibitatea lehenesteari utz diezaiola langileen osasunaren mesedetan, eta neurriak har ditzala lan-istripuen ondorioz hildako pertsonen kopurua gero eta handiagoa delako lan-baldintzen prekarietatearen ondorioz. Martxoaren 24an, AP-8 autobidean asfaltatze lanak egiten ari zela hildako garraiolariarekin 20 pertsona dira jada aurten lan-istripuz hil direnak. Sindikatuek ere gogorarazi dute Zaldibarren oraindik ere bi langile daudela zabor azpian.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru-k salatu dute, beste sektore batzuetan gertatzen den bezala, lan-baldintzak gero eta prekarioagoak direla garraioan ere, eta hori larriagotu egin dela egungo alarma-egoeragatik. Euskal garraio sarea osatzen duten garraiolariek une honetan pairatzen duten egoera bereziki larria nabarmentzen dute, gehienbat autonomoak izanik. "Horrek katearen azken katebegia bihurtzen ditu. Administrazioak urteetan sektoreari eman dion utzikeriaren ondorioz, gidarien eta garraiolarien egoera ez da batere hobetu ".

Administrazioek, diotenez, beste aldera begiratzen dute. "Lehen beharrerako eraikuntza da une honetan? Ez al lukete langile horiek guztiek etxean egon behar beren bizitza zaintzen? Argi dugu salgaien garraioaren sektoreak pairatzen duen prekarietatea eta desarautzea agerikoa dela, eta gaur egun pairatzen dugun egoerak larriagotu baino ez duela egiten ", nabarmendu dute.

Gaineratu dutenez, kasu askotan, garraiolariek izaten dituzten lan-istripuak ez dira estatistika ofizialetan kontabilizatzen, eta trafiko-istripu gisa ezkutatzen dira. Askotan, administrazioek "heriotza naturalak" laneko istriputzat ez hartzeko joera izaten dute, estresak, adibidez, ekar ditzakeen ondorioak erabat ahaztuz.