ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru-k martxoaren 27an lan-zentroetan eta etxeetan mobilizatzeko deia egin dute, osasuna, enplegua eta lan-baldintzak defendatzeko

2020/03/25
Langileen osasuna, enplegua eta lan-baldintzak gero eta okerragoak direla ikusita, sindikatuek Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eta Confebask eta CEN patronalei eskatu diete osasuna, enplegua eta lan-baldintzak lehenesteko. Funtsezko zerbitzuetan beharrezkoak eta eraginkorrak diren prebentzio-neurriak aplikatzea eskatzen dute, funtsezkoa ez den lan-jarduera oro geldiaraztea, eta enplegua eta lan-baldintzak bermatzea.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru euskal sindikatuek martxoaren 27an lan-zentroetan, edota norbera bere etxeko leihotik, osasunaren, enpleguaren eta lan-baldintzen alde mobilizatzeko deia egin diete langileei. Zuzenean Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eta Confebask eta CEN patronalei eskatzen diete funtsezko zerbitzuetan beharrezkoak eta eraginkorrak diren prebentzio-neurriak aplikatzea, funtsezkoa ez den lan-jarduera oro geldiaraztea eta enplegua eta lan-baldintzak bermatzea.

"Langileok haserre gaude gure osasuna arriskuan jartzen ari direlako", esan dute Koronabirusak sortutako krisiaren aurrean.

Sindikatuak minduta agertu dira langile klasearen babesgabetasun egoera dela eta. "Gure osasuna arriskuan jartzen ari dira", azpimarratu dute.

Salatu dutenez, funtsezko zerbitzuetako plantillak, hau da, osasun-sektorean, egoitzetan, Etxez Etxeko Laguntzan, garbiketan, garraio publikoan, anbulantzietan, supermerkatuetan... lan egiten duten pertsonak behartuta daude egunero beren lanpostuetara joatera, beren osasuna bermatzen duten prebentzio-neurri egokirik gabe, eta, horregatik, azpimarratu dute, "etengabe daude arriskuan beren lanpostuan".

Hala ere, ez dira egoera hori pairatzen duten bakarrak. "Funtsezko zerbitzuetan lan egiten ez duten langileak ere behartuta daude beren lanpostura joatera, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta patronalek interes ekonomikoak lehenesten dituztelako beren osasunaren aurrean. Haien osasuna ere ez dago bermatuta ", nabarmendu dute.

Langile klasearen osasuna arriskuan jartzeaz gain, enpleguarekin ere hala egiten dutela diote. Aldi baterako kontratuak eta kontratu prekarioak dituzten langileak kaleratzea eta inolako negoziaziorik gabeko milaka ERTE egin izana salatu dute. Egungo krisia milaka pertsonaren lan-baldintzen prekarizazioan sakontzeko erabiltzen ari direla gaineratu dute. "Aurreko krisia langileei ordainarazi ziguten. Patronalek eta gobernuek ere orain nahi dute osasun krisia ordaintzea ".

Horregatik guztiagatik, martxoaren 27an osasunaren, enpleguaren eta lan baldintzen defentsan lantokietan edo norbera bere etxean mobilizatzera deitu dute.